bidasoamedia bidasoamedia

Frankismo garaiko emakumeak izango dira protagonista Hondarribiko Emakumearen Astean

Emakumea

Emakumearen Astea antolatu dute Hondarribian, martxoaren 8aren harira. Gai zehatz baten inguruan egituratu dituzte jarduerak, aurtengoan. 1936ko gerraren ondoren herria utzi behar izan zuten eta Ipar Euskal Herrian eta Frantzian lanean aritu ziren emakumeak omenduko dituzte.

Martxoaren 8an, Jon Abril beratarrak zuzendutako Neskatoak dokumentala proiektatuko dute Itsas Etxea auditoriumean. Bortzirietako emakumeen bizipenak biltzen ditu dokumentalak, batez ere. Hondarribitik ere alde egin behar izan zuen hainbat emakumek, eta horien guztien izenean, Maria Teresa Oronoz omenduko du Hondarribiko Udalak igandean, martxoaren 13an.

Gai nagusiaz gainerako jarduerak

Martxoaren 8an bertan, bisita gidatu berezia eskainiko du Arma Plaza Fundazioak. “Hondarribitik pasa diren zenbait emakume entzutetsu” da bisitaren izenburua. 11:00etan irtengo da, Arma Plazatik. Oihana Lekuonak gidatuko du ibilbidea, eta bertan, Inesa de Gaxen, Austriako Maria Teresa infanta, Habsburgoko Maria Cristina eta beste hainbat emakumeen pasadizoak kontatuko ditu, denak hiribilduarekin zerikusia dutenak.

Ostiralean, martxoaren 11n, “Hegoaldeko neskak iparraldean lanean eta ikasiz” izenburuko hitzaldia emango du Rosa Arburuak Kultur Etxean. Erakusketak eta kulturen arteko afari merienda ere antolatu ditu Emeki Elkarteak.