bidasoamedia bidasoamedia

Gabonetako kanpainak antolatu dituzte Irunen eta Hondarribian

Aktualitatea

Gabonetako kanpainari hasiera emango diote aste honetan Irunen eta Hondarribian. Irunen abenduaren 2an izango da hasiera ekitaldia, 18:30etan. Gabonetako argi apaingarrien piztea egingo dute, Bisera zeneko eremuan dagoen haur-parkearen ondoan. Erein ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 6. mailako haurrek parte hartuko dute.

Hortik aurrera, udaleko Kultura departamenduak eta hiriko kultur elkarte anitzek antolatutako egitarauari ekingo diote. Abenduan eta urtarrilean zehar, haurrentzako magia ekitaldiak, antzerkiak, zinema proiekzioak eta musika kontzertuak izango dira. San Tomas eguneko feria, Betti Gottik antolatutako Olentzeroren etorrera edo, Errege Magoen kabalkada ere izango dira. Zabaltza Plazan, komertzioa dinamizatzeko helburuarekin, izotz pista martxan egongo da, abenduaren erditik urtarrilaren 13ra arte.

Herriko komertzioetara erakarri nahi dute jendea Hondarribian

Hondarribian larunbatean emango diote hasiera Gabonetako kanpainari. Mikro antzerki emanaldiak, ipuin kontalariak, produktuen dastatzeak eta tailer bereziak prestatu dituzte komertzioetan, tokiko kontsumoa bultzatzeko. Kalean ere jarduerak antolatu dituzte. «Dendariek eskatu digute kalean jarduerak antolatzeko, jendez bete daitezen », argitu du Maria Serrano Merkataritza zinegotziak.

Herritar asko Irunera edo Donostiara joaten dira erosketak egitera. Errealitate horren aurrean, Hondarribiko denden berezitasuna azpimarratu du Apar Jantziak dendako Rebekak : «Denda txikiak eta esklusiboak dira. Produktu onak eskaintzen dituzte».