bidasoamedia bidasoamedia

Gazte Bermearen Sisteman izena eman daiteke Irunen

Gazteria

SIJ+ Gazte Bermearen Sistema barruan sartu da Irungo CBA kultur gunean dagoen Igazte Gazte Informazio Bulegoa. Ikasi edo lanik egiten ez duten gazteek izena eman dezakete bertan, lan eskaintzak eta informazioa jasotzeko. Azpimarratzekoa da aitzindaria dela Irungo bulegoa, Gipuzkoako bakarra delako zerbitzu hori eskaintzen, Arrasatekoarekin batera.

Hori dela, eta, irundik kanpoko gazte asko pasa dira Igaztetik, Gazte Bermearen Sistemaren inguruko kontsultak egitera: Gipuzkoako, Nafarroako eta Bizkaiko beste udalerri askotatik. Gainera, gazteak lan munduan txertatzeko beste hainbat erakundetatik bertara bideratzen dituzte, hala nola, Lanbide, Gurutze Gorria, Fundacion Secretariado Gitano edo Kutxa Zeharo. Apirilean hasi ziren izen-emateak, eta 176 izan dira orain arte.

Izena emateko, aldez aurretik hitzordua eskatzea gomendatu dute, telefonoz (943 50 55 44/40), igazte@irun.org edo Whatsapp bitartez (607 77 11 73). Bulegora bertara joan daiteke. CBA kulturgunean dago, lehenengo solairuan. Ondorengoak dira bete beharreko baldintzak: espainiar herritartasuna, edo Europako Batasunekoa. Atzerritarrek, berriz, bizitzeko eta lan egiteko baimena erakutsi beharko dute. Gutxieneko adina hamasei urte izango dira, eta gehienezkoa 30.