bidasoamedia bidasoamedia

Gernika Batailoiko irundarrek omenaldia jasoko dute

Memoria

Bigarren Mundu Gerran Gernika Batailoian borrokatu zuten 24 irundarrek omenaldia jasoko dute maiatzaren 20an. Foro Irun XXIek antolatu du. Gaur egun bizirik dauden Gernika Batailoiko bi gudarietako bat izango da bertan, Paco Perez Luzarreta irundarra, hain zuzen ere (94 urte ditu). Begi onez ikusi du omenaldia, eta halako ekimenen beharra dagoela baieztatu du.

Bi ekintza egingo dituzte maiatzaren 20an. Batetik, 19:30ean,Gernika Batailoia. Askatasunaren itxaropena (1945-2015) dokumentala emango dute, Amaia Kultur Zentroan. Ivan Gonzalezek zuzendutako lana da, eta Perezek berak parte hartzen du.Proiekzioaren aurretik, Franck Dolosor dokumentalaren gidoilariak elkarrizketa bat egingo dio Paco Perezi.

Emanaldia baino lehen, 18:30ean, omenaldia egingo diete 24 gudariei, Gernikako Arbolaren plazan. Aitortza egiten dien plaka bat jarriko diete. Behin-behinekoa izango da ordea, eta benetako plaka jartzeko eskaera egin dio Foro Irun XXIek Irungo Udalari. 24 irundar aritu ziten Gernika Batailoian borrokan. Kepa Ordoki batailoiko buruzagia ere irundarra zen.