bidasoamedia bidasoamedia

Gipuzkoa mailako plataforma osatu dute Madrilen Indarkeria Matxisten Kontrako Martxan parte hartzeko

berdintasuna eskubideak

Larunbatean Madrilen egingo duten Indarkeria Matxisten Kontrako Martxan izango dira Gipuzkoako zenbait elkarte. Lurraldeko plataforma osatu dute Irungo Gaurko Andreak, Pasaiako Bekoz Beko, Donostiako Haurralde, Zumaiako Malen Etxea eta Astigarragako Harituz eta EBEL elkarteek.

Irundik autobusa betetzea lortu dute, eta larunbatean bertan, 02:30ean aterako da Biseratik. Irungo Udalak, bere aldetik, bat egingo du manifestazioarekin, bozeramaileen batzarrak mozio bat onartu baitu. Sergio Corchon Gizarte Ongizatea arloko ordezkariak eman du udalaren jarreraren berri: “Emakume nahiz gizonen arteko berdintasunaren alde eta edozein indarkeria motaren kontra gaude”. Irungo Udalaz gainera, Donostiako, Pasaiako eta Astigarragako Udalek ere bat egin dute martxarekin.

Estatua inplikatu nahi dute

Gaurko Andreak-eko Irene Kastezubik azpimarratu du aurten sei emakume hil dituztela Euskal Herrian, emakumeen kontrako indarkeriarekin lotuta. Espainiako Estatuan, berriz, 74 izan dira. 20 urtetan, 1.380 emakume hil dituzte. “Indarkeria matxistak genero desberdintasunaren adierazpenik larrienak dira eta emakumeen eskubideen urraketa gogorrak dira”, erantsi du Kastezubik.

Madrilgo martxaren helburua zein izango den ere azaldu du : “Terrorismo matxistaren kontrako borroka estatu-auzia izateko eskatuko dugu, klase politiko guztia borroka horretan gizarte osoarekin konprometitu dadin”. Gainera, emakumeen kontrako indarkeria prebenitzeko neurriak hartzeko eskatuko dute. Udalak talde feministekin lan egitera ere animatu nahi dituzte, hiriak indarkeriarik gabeko toki bihurtzeko.