bidasoamedia bidasoamedia

Gipuzkoako zahar etxe edo adinekoen erresidentzietako 3.000 langileak greban daude

Aste honetan Gipuzkoako zahar etxe edo adinekoen erresidentzietako 3.000 langileek deituriko bost greba egunetako, laugarrena da gaur. Eta ELA sindikatuak deiturik, Irungo Ama Xantalen, Gurutze Gorria, eta CASER enpresak kudeatzen dituen Anaka eta Gibeleta-Betharrameko erresidentzietako langileak kontzentrazio zaratatsua egin dute Irungo San Juan plazan.

Administrazio publikoak geroz eta gehiago azpikontratatzen duen zerbitzua dela, eta langileek, lan berbera egitearen truke, %25 soldata apalagoa jasotzen dutela salatzen dute. Sektore feminizatua eta prekarizatua da, eta 2016az geroztik lan hitzarmen berri baten negoziazioa blokeatua dago.

Horiek horrela, eta Irungo Arbes erresidentzia eraikitzeko aldundia eta Irungo Udalaren arteko konbenioa gaur ofizialki izenpetzen zutela aprobetxatu dute, udaletxe aurrean mobilizatzeko.

Halere, Irungo alkatea, Jose Antonio Santano, bakarrik geratu da ekitaldi ofizialean, aldundiak konbenioa atzo sinatuta helarazi baitio, berretsi dezan. Arbesko erresidentziaren kasuan, 19 milioi euro publiko bideratuko dituzte, heldu den urteko lehen sehilekoan eraikitzen asteko, eta 130 plaza eskainiko dituelarik, kudeaketa eredua, azpikontratarena izango da.