bidasoamedia bidasoamedia

Giza Eskubideak, Oroimenaren berreskurapena eta Bizikidetza zabaltzeko plana onartu du Diputatu Kont

giza eskubideak

Zuzendaritza hau sortu behar izan da, erronka garrantzitsua izan da. Ildo horretan, Zuzendaritzak ezinbestekotzat jo zuen Giza Eskubideak, Oroimenaren Berreskurapena eta Bizikidetza Zabaltzeko Plana egitea. Plana arloko eragileekin eta adituekin elkarlanean egin da, eta hilabete luzeetako lanaren emaitza da. Hain zuzen ere, lan horren emaitza aurkeztera etorri gara hona. Eta, bistan denez, ez dugu leku hau kasualitatez aukeratu.

Plan irekia aurkezten dugu, bidea egin ahala proposamen berriak onartzeko prest, eta oinarriei dagokienez, oso oinarri argiak dituena: nazioarteko araudiak ardatz hartuta, Euskal Herrian gaur egun bizi dugun esperantza egoeran aurrera egitea.

Planaren helburuei dagokionez, honakoak dira:

Giza eskubideen babesa eta sustapena hobetzea elkarbizitza normalizatu baten alde, Gipuzkoako Lurralde Historikoan gizartearen eta administrazioaren prestakuntza eta sentsibilizazioaren bitartez. Euskal Herrian gatazkaren inguruan gertatutako indarkeria ezberdinen ondorioak, hots, giza-eskubideen urraketak, minak, sufrimenduak eta gizarte zatiketak gainditzeko lan egitea, eta oroimenaren berreskurapenari ekitea, biktima guztiei egia, justizia eta erreparazio eskubideak bermatuz normalizazio politikoa, berradiskidetzea eta gizarte baketsua lortzera eraman gaitzan. Gizarte eragileak, erakundeekin batera, bidelagun izatea normalizazio politikoa, berradiskidetzea eta giza eskubide guztien errespetuan oinarritutako bakea lortzeko, eta horretarako proposamenak aurkeztea. Helburu horiek lortzeko bideari ere kasu egin nahi diogu, eta horretarako, zeharkako hiru ildo proposatzen ditu, plan guztian isla izango dutenak: lehena, ikuspegi parekidea da, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna oinarrizkoa baita giza eskubideez hitz egiterakoan; bigarrena, giza eskubideen inguruko heziketa da, oinarritik eman behar baitzaie arazoei aterabidea; eta hirugarrena, parte-hartzea da, erakundeen eta eragileen ekarpenik gabe ezinezkoa baita arlo hauetan urrats eraginkorrak ematea.

Helburuak eta bidea azaldu ostean, Planaren erronkak azaltzeko garaia da, gizarte hobea lortzeko erronkak.

1- Lehenengo erronka: Giza eskubideetan oinarritutako kultura defendatzea eta sustatzea.

Justizia, askatasun, parekidetasun eta elkartasun printzipioen gainean eraiki nahi den edozein gizarterentzat giza eskubideak eta bakea ezinbesteko erreferentea dira. Giza eskubideak defendatu, errespetatu eta beteko direla bermatzen duten politikak sustatzea da bakearekin eta bizikidetzarekin konprometitua dagoen edozein erakunderen zeregina. Are gehiago gure gizartean, indarkeriak herritarren arteko harremanak kutsatu baititu. Horregatik, politika horiek bultzatzeko lehen urratsa giza eskubideak errespetatzea eta bakean oinarritutako kultura ezagutaraztea da, hezkuntza eta prestakuntza jardueretan oinarrituz. Halaber, gurean egon diren giza eskubideen urraketa guztiak ezagutarazteko ahalegina egin behar da, egia guztien ezagutzak erraztuko baitu elkarbizitza.

Ildo honetan hainbat ekimen zehatz ditu planak:

Euskal Herriko unibertsitateekin lankidetza hitzarmenak egitea, prestakuntza eta sentsibilizazio ekimenak burutzeko. Urtero abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren urteurrenaren inguruan sentsibilitate ekimenak bultzatzea: hitzaldiak, jardunaldiak, mintegiak,.... Bizikidetzari buruzko prestakuntza eta trebatze ikastaroak sustatzea elkarte eta udalei zuzenduak. Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoari buruzko beka deialdiak egitea, kanpoko unibertsitatetan ikasteko. Gazteen prestakuntzari begira, giza eskubideei buruzko eta bizikidetzari buruzko formazio ikastaroak, aisialdiko teknikari, hezitzaile eta begiraleei zuzenduak. 2- Bigarren erronka: Memoria berreskuratzea, berradiskidetzea eta bakea.

Nazioarteko araubide espezializatuak eta sen onak diote zer eta zergatik gertatu den jakitea funtsezkoa eta lehentasunezkoa dela berradiskidetze prozesuetan. Oinarrizkoa da egia (zer jazo den) ezagutzea eta biktimei eragindako kaltea kontuan izatea, inolako bereizketarik gabe, inolako sailkapen iraingarririk gabe, eta nazioarteko zuzenbideak egia, justizia eta erreparazioari buruz aldarrikatzen dituen printzipioak era egokian aplikatuz. Gaur egun, oraindik ez dago biktima guztien eskubide eta egoerak aintzat hartu dituen politika publikorik, gertakarien egileen araberako bereizkeriarik egin gabe.

Bestetik, gatazka armatuak bizi izan dituzten munduko hainbat herrialdek Trantsiziozko Justiziako bideei heldu diete indarkeria egoeratik bake egoerara igarotzeko. Trantsiziozko Justizia ez da justizia mota berezi bat, gatazka egoeratik bake egoerara doan trantsizio garai bateko justiziari ekiteko modua baizik. Justizia horren helburu nagusia da giza eskubideen urraketaren ondorioz gizartean sortu diren zauriak osatzen saiatzea eta berradiskidetze prozesuetan aurrera egitea, biktimen eta gizartearen egia, justizia eta erreparazio eskubideak bermatuz. Baita ere zigorgabetasuna ahal dela ekiditea, biktimei justizia eman eta errudunak erantzule egitea du xede.

Honako ekintzak aurreikusten dira atal honetan:

Biktima guztien sufrimendua aitortzea helburu duten ekintzen garrantziaz sentsibilizatu herritarrak, elkarteak eta udalak, eta zehazki, biktimen oroimen ekitaldien antolaketari buruzko jardunbide egokiak sustatzeko mintegiak egitea udalei begira. Euskal Herrian Trantsiziozko Justizia bideei eta Egia bideei buruzko gogoeta egiteko jardunaldiak antolatu edo antolatzeko laguntza ematea. Gertatutakoa argitzen laguntzeko Gipuzkoan gatazkaren inguruan izandako giza eskubideen urraketak eta pairatutako sufrimendua jasoko dituen datu-base baten diseinua bultzatzea. Gizartearen berradiskidetzearen arloan.

Giza Eskubideak eta Oroimen Historikoaren zuzendaritzaren ardatz nagusia herritarren arteko erlazioak hobetzea da, eta helburu nagusietako bat urteetan bizitako gatazkak urratutako harremanak konpontzea da. Berradiskidetzearen bidean udalen lana ezinbestekoa da Aldundientzat eta horregatik Udalei begira Bizikidetza programa jarri du jada martxan, udalei adituen laguntza eta aholkuak eskainiz, elkarbizitzarako planak edota ekimenak gara ditzaten, eta baita berradiskidetze prozesuen definizioak eta osagaiak ezagutzera emango dituzten ikastaroak bultzatzea ere.

Oroimenaren berreskurapena.

Botere publikoek egiarekin konprometitu behar dute eta gizarteak zer gertatu den jakiteko duen eskubidea asebete behar dute. Estatua eta botere publikoak zorretan dauden egiarekin, eta gizarteari egia ezagutzeko eskubidea bermatu behar zaio. Gipuzkoan Oroimen Historikoa berreskuratzearen aldeko elkarteen mugimendua bizia izan da azkeneko hamarkadan, eta horri esker dagoeneko hainbat lan eta ikerketa burutu dira. Zuzendaritza honek lan horien jarraipena bermatu eta ekimen berriak garatuko ditu.

Oroimenaren berreskurapenerako lagungarri diren honako ekimenak bultzatuko ditu, besteak beste:

Erakunde eta elkarte eskudunekin lan hitzarmenak egitea ikerketak egin daitezen 36ko Gerrako eta frankismo garaiko giza eskubideen urraketen biktimen gorpuzkiak aurkitzeko. Zuzendaritzaren webgunea sortzea, Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren inguruko informazioa eskaintzeko. Ikerketak eta argitalpenak bultzatzea. Trantsiziozko Justizia bideei eta Egia bideei buruzko Jardunaldietan kontuan hartzea oroimen historikoaren garaiko giza eskubideen urraketak eta sufrimenduak. Aitortza eta Oroimenaren berreskurapenaren aldeko ekimenak eta omenaldiak sustatzea. Udalerrietako artxibo historikoetan informazioa sailkatzeko ekimenak bultzatzea. Berradiskidetzea, Oroimen Historikoa eta belaunaldien arteko transmisioa edo trukea bultzatzen dituzten ekimenak sustatzea. 3- Hirugarren erronka: Giza eskubideen erakundea.

Giza eskubideen egoera hobetu dadin, giza eskubideen erakundeak sortzen lan egitea funtsezkoa da, eta Aldundiak badu horretarako asmoa. Giza Eskubideen Institutuak mekanismo autonomo bat izan behar du, eta Institutuaren helburua da, azpiegitura xume batekin, giza eskubideen gaietan koordinazio lanak egitea, aholkularitza ematea, informazioa zabaltzea, prestakuntza bultzatzea eta ikerketa eta prebentzio lanak egitea. Koordinazioa eta elkarren osagarri izatea bilatuko ditu helburu berdinak edo bateragarriak dituzten ekimen eta erakundeekin.

4- Laugarren erronka: Eskubide guztiak pertsona guztientzat.

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 60. urteurrenerako sortu zen leloak dio: “Eskubide guztiak pertsona guztientzat”. Argi dago Zuzendaritzak giza eskubide guztien defentsa eta sustapenarekin duela konpromisoa, eta horregatik Gipuzkoako Foru Aldundiko gainerako zuzendaritzekin elkarlanean arituko da; esate baterako, Euskararen Zuzendaritzarekin, Berdintasuneko Zuzendaritzarekin, Migrazio eta Aniztasun Zuzendaritzarekin, Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentuarekin eta Gizarte Politika Departamentuarekin. Atal honetan, sentsibilitate eta prestakuntza eremuan egingo diren ekimenak gailenduko dira, ikastaroak antolatuz eta material didaktikoak argitaratuz.