bidasoamedia bidasoamedia

Goranzko bideari jarraipena eman dio Hondarribia Ikasbasket-ek

kirola

Lehen Mailan jarraitzeko helburua bete du aurten emakumeen talde nagusiak, aurreko denboraldietan bi igoera segidan lortu ondoren

Bilakaera itzela darama Hondarribia Ikasbasket elkarteko emakumezkoen talde nagusiak. Bi igoera lortu ditu segidan, azken bi sasoietan. Aurten, laugarren tokian geratu da ligako lehen fasean. Horri esker, igoeraren bila lehiatuko da, bigarren fasean. Bide batez, denboraldiko helburua bete du, Estatuko Lehen Mailan ariko baita berriro, gutxienez, hurrengo denboraldian. Ganix Miron irundarrak zuzentzen du taldea, eta zenbait bizilagun ditu haren aginduetara.

Cristina González kapitaina ere irundarra da. Urteak eman zituen Ganix Mironekin Erroibide elkartean, eta garai hartako zenbait taldekide ditu orain ere, Hondarribian. Esan daiteke Lehen Mailan aritu zen Erroibide hura dela egungo Hondarribia Ikasbasket elkarteko emakumeen talde nagusiaren oinarria. Horregatik, 2015-2016 denboraldian maila erregionalean hasi zenean, agerian gelditu zen kategoria hura txiki geratu zitzaiola. Igoera lortu zuten orduan, eta iaz ere bai. Aurten Lehen Mailan aritu dira, multzo zail batean. “Talde indartsuen aurka aritu gara”, baieztatu du Cristina Gonzálezek.

Lehen jardunaldietan, mailara egokitzea kosta zitzaien. Gutxi iraun zuten, dena den, hasierako zalantza haiek. Jokatzeko era egokia topatu zuen Hondarribiak, eta lehiakorra izan zen, aurrerantzean. Neurketa estuak izan dira gehienak, markagailuan, behintzat, txikiak izan dira aldeak. “Gutxigatik irabazi edo galdu dugu, gehienetan. Oso lehiatuak izan dira partidak”, azaldu du Gonzálezek. Defentsako lanak berebiziko garrantzia eduki du, saskiratze gutxiko norgehiagokak izan baitira.

Lehiakorrak izateko ahaleginak egingo dituzte

Igoera fasean, esperientziaz gozatzea izango dute helburu. Jakinda, partida guztiak oso gogorrak izango direla. Egitura profesionalagoak dituzten kluben kontra ariko da Hondarribia. Nolanahi ere, Cristina Gonzálezek ziurtatu du inolako konplexurik gabe egingo dietela aurre: “Gure helburua da ahalik eta lehiakorrenak izatea, norgehiagokekin disfrutatu ahal izateko”. Haien artean, behintzat, giro atseginik ez da faltako. Taldekideen artean oso harreman ona dutela adierazi du Gonzálezek: “Gehienok aspaldidanik ezagutzen dugu elkar, eta duela gutxi iritsi direnak ere, ondo egokitu dira”.

Igoera fasea esperientzia ederra izango da, batez ere, taldeko gazteenentzat. Izan ere, oraindik kadete mailakoak diren neskak ari dira, tarteka, lehen taldean. Maila ona dutela erakutsi dute, eta klubak bidea egingo die. Hondarribia Ikasbasket-en lehentasun zalantzaezina baita harrobiko lana.