bidasoamedia bidasoamedia

Goya saria eskuratu du Javier Agirrek

Espainiako Zinema Akademiak urtero ematen duen sarietako bat eskuratu du aurten Javier Agirre Erauso irundarrak, otsailaren 2ko galan. Handia euskal filmean egindako argazki zuzendaritza lana aitortu diote. Otsailaren 13an San Juan harriaren irudia jaso du, Irungo Udalaren eskutik.

Euskal zinemagintzaren historian mugarria ezarri du Jon GaraƱo eta Aitor Arregi zuzendarien Handia filmak. 13 izendapen zeuzkan Espainiako Zinema Akademiaren Goya sarietarako, eta horietatik 10 eskuratu ditu. Zuzendari onenaren eta film onenaren sari nagusiek ihes egin diete, baina arlo teknikoetan, batez ere, Handiaren arrakasta erabatekoa izan da. Sarituen artean egon da Javier Agirre Erauso irundarra, argazki zuzendaritzan egindako lanagatik. Azken urteotan euskal zinemagintzan nabarmendu izan diren Amama edo Loreak filmetan ere lan egin izan du, lehenago, Agirrek.

Gazte hasi zen zinemagintzan, eta badu ibilbidetxo bat, dagoeneko. Handia filma, hala ere, orain arteko erronka guztietan zailena izan dela aitortu du Javier Agirrek. XIX.mendean kokatutako istorioa da, argi elektrikorik ez zegoen garaian. Erraldoi bat dago, gainera, Europan zehar bidaiatzen duena. Ikusleen eta kritikaren oniritzia jaso du, hala ere, lanaren azken emaitzak.