bidasoamedia bidasoamedia

Hamabost urte bete ditu Antxeta Irratiak

komunikazioa

2001 urteko otsailean sortu zuten Pausumedia eta Entzun Ikus (Gure Irratia) elkarteek Antxeta Irratia. Gipuzkoa eta Lapurdi elkartzen dituen eskualdean, komunikabideen esparrua eta baita bertako jendartea bera, are gehiago euskalduntzeko asmoarekin jarri zuten martxan. Hedabide arrunt bat baino gehiago jarri zuten abian, komunikabideen munduko hirugarren sektoreari zabaldu baitzioten atea. Irrati komunitario bat baita Antxeta Irratia. Bere komunitatearekin eta komunitatearen zerbitzura lan egiten duen irratia, hain zuzen.

Lan taldeari eta laguntzaile sare handi bati esker, eguneroko programazioa ekoizteaz gain, bestelako hainbat jarduera ere burutzen ditu irratiak, bere herritar izaerarekin bat egiten dutenak. Hala, hedapen eremuko jendartearen ezaugarriak identifikatu, eta urteak dira lau ardatz edota norabideeren bueltan lanean diharduela irratiak. Hots, hedabide soil bat baino gehiago da Antxeta Irratia, eragile ere badelako, bereziki ondoko lan/aldarrikapen eremuetan: eskualdea are gehiago saretzen, euskararen aldeko normalkuntzan, berdintasun arloan eta etorkinen inklusioa sustatzen. Proiektu bereziak burutzen ditu Antxeta Irratiak lan ildo hauen bueltan, eta ekoizpen bereziak sortzen ditu, programazioak eta jarduera osagarriak elkar elika daitezen.

Lau ardatzekin lotutako programa

Hamabosgarren urteurreneko ospakizunen plangintza, lau norabide horien bueltan diseinatu du irratiak. Mahai inguruak, topaketa gastronomikoak, euskararen aldeko bestak, erakusketa bereziak eskualdeko artistekin, kontzertuak, aldizkari berezi ba etab, lantzen ari dira, “Uhinak orrazten” lemapean. Hori bera baita, irratiaren eguneroko erronka. Uhinen bidez, eskualdea orraztea, tokiko jendartea saretzea, euskara sustatzea edota jendarte parekideago bat aldarrikatzea, besteak beste.

Aipatutako ekintzez gainera, urteurrenarekin lotutako abesti bat ekoiztu du “Luz de Putas” taldeak. Kantuaren aurkezpena, eta urteurren kanpainaren irekitze ofiziala, otsailaren 26an izango da, arratseko 20:00etan Pausuko Xaia ostatuan. Bertan, irratiaren bueltako laguntzaileak batzea eta eskualdeko bizilagunak elkartzea da helburua.

Irrati komunitario gisa, ibilbide oparoa bete du jada Antxeta Irratiak, baina bide luzea du egiteko oraindik ere. Gaur egun, Euskal Herriko Arrosa sareko kide izateaz gain, eta Euskal Irratiak federazioko laugarren zangoa izateaz gain, AMARC-eko kide ere bada Antxeta (Asociacion Mundial de Radios Comunitarias). Gainera, Europako zuzendaritza markoan, hizkuntza gutxituen ardura ere badu Antxeta Irratiak.