bidasoamedia bidasoamedia

Hartu Hitza Irun Elkartea sortu dute, 2018an Irunen Herri Galdeketa antolatzeko asmoz

politika

Gure Esku Dago herri ekimenak egindako lanari jarraipena emango dio Irunen

Elkarte egitura hartu du Irunen, Gure Esku Dago dinamikaren baitan sortutako mugimenduak. Hartu Hitza Irun elkartearen izenean emango dituzte orain hurrengo urratsak, helburu ausart batekin: 2018 urtean Herri Galdeketa antolatzea, Euskal Herriaren etorkizun politikoaren inguruan. Talde irekia eta zabala dela azpimarratu dute zuzendaritza batzordeko kideek, kideen izaera, ideologia edo jatorriari dagokionez.

Erabakitzeko Eskubidearen Aldeko Adierazpena sinatu zuten, iaz, arlo ezberdinetan erreferente diren 300 irundarrek, Gure Esku Dago mugimenduaren ekimenez. “Agiri haren segidatik sortu da Hartu Hitza Irun”, baieztatu du Itziar Gomez batzordekideak. Hurrengo pausoak emateko, Hartu Hitza Irun elkartea eratu dute. Adosgune izendatu dute, taldeko kideen aniztasuna dela eta. Hain zuzen ere, mugimenduaren zilegitasuna ezberdinen arteko akordioan eta ideien eta iritzien errespetuan oinarritzen dela baieztatu du Elena Berazadi Hartu Hitza Irun elkarteko lehendakariak: “Izaera, ideologia, eta jatorri ugariko irundarrek osatzen dute. Talde irekia da, etengabe osatzen ari dena, eta irundar guztientzat zabalik dagoena. Gorpuzten ari da”.

Helburu gisa jarri duten erronka ez da makala. 2018 urtean Herri Galdeketa antolatu nahi dute Irunen, Euskal Herriaren etorkizun politikoaren inguruan. Konbentzituta daudela adierazi du, dena den, Berazadik: “Egin daiteke, eta egingo dugu”. Horretarako, lehen urratsa, haien ilusioa hiritarren artean zabaltzea izango da. “Herritarrengana iristeko tresna egokiak topatu behar ditugu”, aipatu du Martxel Telletxea lehendakariordeak. Hiriko eragile, elkarte, erakunde eta alderdi politikoekin bilduko dira hurrengo hilabeteetan, eta bilera irekiak ere egingo dituzte. “Erabakitzeko eskubidea irundar guztien elkargune bat izan dadin nahi genuke”, azpimarratu du Telletxeak: “Ideia eta iritzi guztiek lekua edukiko dute”. Ekainerako, hiritarrei zuzendutako agerpen publiko bat egitea aurreikusten dute.

Eztabaida horietan, besteak beste, Herri Galdeketarako galdera adostu beharko dute, ahalik eta jende gehienaren parte hartzearekin. Beste betebehar handia, sinadurak biltzearena izango da. “Badakigu galdeketa ez dela loteslea izango, baina emango ditugun pausoak, ahalik eta zehatzenak eta legalenak izango dira”, nabarmendu du Elena Berazadik: “Gure Esku Dagok Herri Galdeketak egiteko protokolo bat dauka, eta haren arabera, Irunen, 4.000 sinadura biltzea dagokigu”. Galdeketa bera antolatzea etorriko da ondoren. Momentuz ez dute zehaztu 2018ko zein hilabeterako espero daitekeen. “Noiz eta nola ondo pentsatu beharra dago, ahalik eta arrakastatsuen gerta dakigun”, zehaztu du, hala ere, Berazadik. Edonola ere, ziur daude 2018an Herri Galdeketa izango dela Irunen.

Lurra prestatuz

Prozesu parte hartzaile baten ondoren, hautetsontzi bat osatzen duten bi laia hautatu ditu Hartu Hitza Irun elkarteak, logotipo gisa. Pierre Lhande ibilbidean, bidegorriaren ondoan dagoen eskulturan oinarrituta daude bi laiak. 1984an sortu zuen eskultura Gabriel Narzabal artista irundarrak. Alde batetik Hartu Hitza esaldiko bi “h” nagusiak irudikatu ditzakete laiek. Beste esanahi bat ere badutela azaldu du Martxel Telletxeak: “Lurra prestatzeko balio dute, eta gu horretan gabiltza. Herria aktibatzen eta motibatzen, gero hazia botatzeko, eta hazi horrek fruituak eman ditzan”.