bidasoamedia bidasoamedia

Hegaztien Nazioarteko Eguna ospatuko dute Plaiaundin

Ingurumena

Urriaren lehena da Hegaztien Nazioarteko Eguna. Horren harira, bi eguneko egitaraua antolatu dute Plaiaundi Parke Ekologikoan dagoen Txingudi Ekoetxean. Doako jarduerak eskainiko dituzte urriaren 1eta 2an, hegazti basatien mundura hurbiltzeko, eta horiek bizi dituzten kontserbazio arazoak gizarteratzeko.

Hegaztiak behatzeko guneak, hegaztiei eraztunak jartzea, hegaztien identifikazio lehiaketa, haurrentzako tailerra eta Gure arrano arrantzaleak ezagutzen izeneko erakusketa egongo dira, besteak beste. Bi egunetan, jarduerak goizez egingo dituzte, 10:00etatik 14:00etara. Horrez gain, larunbatean, Euskadiko II. Ornitologia Maratoia egingo dute. 24 orduan ahalik eta hegazti espezie gehien identifikatzea izango da parte hartzaileen helburua.

Euskal kostaldeko estuariorik garrantzitsuenetarikoa da Txingudikoa, animalien eta landareen presentziaren aldetik, eta balio handiko padurak dituelako ere bai. Arriskuan dauden hegazti espeziak topa daitezke bertan. Beraz, gune garrantzitsua da, erreferentea Europa mailan.