bidasoamedia bidasoamedia

Heldu da besta Hendaiara

Aktualitatea

Bixintxo bestei hasiera emango diete urtarrilaren 22ko arratsaldean Hendaian. Ikastetxeetako haurrak protagonista izango dituen Pelloten Itzuleraren desfilearekin hasiko da. 18:00etan irtengo dira Kaneta Portutik, eta 18:30etan Herriko Etxean egongo dira, bestei hasiera emateko. Urko Pikabea eta Violeta Rios izango dira Pellot eta Neskatxa, eta ikastetxe bakoitzak pirata jantzitako ordezkariak izango ditu desfilean.

19:15etan Hendaiako Danborradaren azken entsegua egingo dute, Errepublika plazan. Sei egin dituzte dagoeneko, eta prest daude larunbateko hitzordu nagusirako. Gero haurrentzako tortila lehiaketa egongo da, eta 21:00etan Kalakan taldearen kontzertua, Daniel Ugarte pilotalekuan, doan.

Pintxo-potea hiri erdian

Besten hasierarekin batera, pintxo-potea antolatu dute Akelarre eta Baleak elkarteek Hendaiako hiri erdian. Akelarrek 18:00etan zabalduko ditu ateak, eta 23:00etan Imuntzo eta Belokiren kontzertua egongo da. Antxeta Irratiak, 15.urteurrena ospatzeko, Bertso-Pintxo-Potea proposatzen du Baleak elkartean, 19:30etatik aurrera. Odei Barroso, Egoitz Zelaia eta Aitor Errazkin bertsolariak ariko dira.