bidasoamedia bidasoamedia

Herri galdeketa egingo dute Irunen

eskubideak

Azaroaren 18an izango da Irungo herri galdeketa, Gure Esku Dago herri dinamikak antolatuta. Ordura arte aurrera eraman beharreko egutegiaren berri eman du jada. Sinadurak biltzeko mahaiak jarriko dituzte hurrengo asteetan, otsailaren 24an Oiasso Museoan, 25ean Urdanibia plazan, martxoaren 3an bost gune ezberdinetan eta martxoaren 4an San Juan plazan.

63.000 biztanle dituen Irun hiriko 3.000 herritarren sinadurak bildu behar dituzte, apirilaren 23a bitartean. Sinadura bilketa burututakoan, herri kontsultan egingo den galdera zehazteko prozesu parte-hartzaile bat eginen da, maiatzaren 19ra arte. Udaren ondoren, herri galdeketaren kanpaina indartuko dute.

Nabarmentzekoa da Donostiak eta Irunek bat egin dutela galdeketa azaroaren 18an antolatzeko. Gipuzkoako bi hiri handienen sinergiak bilatuz, erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria ozen entzun dadin.

Euro bana irundar bakoitzeko

Herri kontsultak ilusioa piztu du, eta herritarren inplikazioa beharko da lanaren aldetik ez ezik, ekonomikoki sustengatzeko ere bai. Herri Kontsultaren antolaketak 60.000 euro inguruko aurrekontua eskatzen duelako, euro bana irundar bakoitzeko. Hartu Hitzak bulego bat ere martxan jarri du Irungo hiri erdian, Sargia parkearen aldamenean, Arbelaiz kaleko 3.ean Xehetasun guziak www.hartuhitzairun.eus atarian daude.