bidasoamedia bidasoamedia

Hirurehun metro murriztuko dute Hondarribiko aireportuko pista

Garraioa

2017ko abenduaren 31 baino lehen murriztu beharko du AENAk Hondarribiko aireportuko pistaren luzeera. Mutur bakoitzetik 150 metro laburtzeko agindua eman du EASA European Aviation Safety Agency erakundeak. Haren arauek ez dute kontuan hartzen aireportuari ezarri zitzaion salbuespen egoera.

Edonola ere, laburtzeak gaur egungo zerbitzuaren errentabilitatea kolokan jarriko du. Esate baterako, Vueling konpainiak Hondarribiko aireportuan eskaintzen duen Hondarribia-Bartzelona hegaldia bertan behera utziko duela baieztatu du. Azalpena ere eman du. Egun, Vueling-ek Airbus A-319 hegazkina erabiltzen du Hondarribian zerbitzua emateko, bere flotan duen txikiena. Pista moztuko balitz, 80 bidaiarirekin egin beharko lituzke hegaldiak hegazkin horrek segurtasun neurriak medio, 150 toki dituenean. Hori ez litzateke errentagarri izango konpainiarentzat.

Urtearen balantze baikorra

Urtearen lehen bederatzi hilabeteen balantzea egin du AENAk eta horren arabera, bidaiari gehiago izan ditu Hondarribiko aireportuak. %2,7 igo da erabiltzaileen kopurua irailera bitartean, eta 200.000 bidaiari pasa dira Hondarribiko terminaletik. Baina aiaptu arrazoiengatik, 2017an zaila izango dute hobekuntza horri eustea.