bidasoamedia bidasoamedia

Hondarribiko Udaleko alderdiek bat egin dute emakumeen aurkako indarkeriaren kontra

Indarkeria

Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Eguna izango da asteazkenean, azaroaren 25ean. Gaiarekin lotuta, adierazpen instituzionala onartu dute Hondarribiko Udaleko alderdi guztiek (EAJ, Abotsanitz, EH Bildu, PSE-EE eta PP). Indarkeria matxista mota guztiak gaitzetsi ditu udalak testuan: “Gure gaitzespenik irmoena adierazi nahi dugu emakumeen aurkako edozein indarkeria adierazpenekiko, zeinahi ere den (fisikoa, psikologikoa, sexuala, sinbolikoa…), bai halaber sexismo-modu guztiekiko, barne daudelarik finenak eta normalizatuenak, hala nola sexuen araberako rol estereotipatuak ezartzea edo bizitzaren esparru askotan emakumeak ikusgai ez egotea, besteak beste”.

Testuak azpimarratzen du indarkeria matxista arazo estrukturala dela. Hori dela eta, berdintasun politikak lantzen jarraituko duela adierazi du Hondarribiko Udalak. Indarkeria matxistaren kontrako udal protokoloak eguneratzeko konpromisoa hartu du. “Erakundeetatik geure ardura sozial eta politikoa onartu behar dugu, tratu onak sustatuko dituen gizartea eraikitzeko orduan, eta horretarako gure aurreiritziak, rolak eta eguneroko jarrerak gure baitatik berrikusten hasi”. Hiru puntu adostu dituzte udaleko bost alderdiek:

• Konpromisoa hartzen dugu gure eskuduntzen esparruan udal politika aktiboa, integrala eta koordinatua garatzeko, tratu onen eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde. Bereziki emakumeen aurkako indarkeriari buruzko udal protokoloak eguneratzeari ekiteko konpromisoa hartzen dugu.

• Eta herritarrak gonbidatzen ditugu berdintasunaren aldeko konpromiso pertsonal eta kolektiboak har ditzaten, urteko egun guztietan, baita azaroaren 25a dela eta burutuko diren ekitaldietan parte har dezaten ere.

• Gazteen arteko prebentzio eta hezkuntzarako Udal Prebentzio Komunitarioaren Zerbitzuaren programak jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu eta hezkuntza eragileak gonbidatzen ditugu Beldur Barikekimenean parte hartzera.