bidasoamedia bidasoamedia

Hondarribira helduko da autismoari buruzko sentsibilizazio kanpaina

Hondarribiko hondartza izanen da Marea Urdina ekimenaren azken helmuga. Uztailaren 8an iritsiko da, igandearekin, arratsaldeko 17:00ak aldera. Autismoari buruz gizartea sentsibilizatzeko helburuarekin, Gipuzkoako itsasbazter osoa igerian zeharkatuko dute bi egunez. Larunbatean Mutrikuko Saturraran hondartzatik atera, eta Orio bitartean 27 kilometro eginen dituzte igerian. Igandean, Orio-Hondarribia arteko 36 kilometroko ibilbidea osatuko dute.

Marea Urdinaren eramaileek eman dituzte azalpenak: “aski ezezaguna den errealitate bat bada ere, 100 herritarretik batek du autismoa Gipuzkoan, 1.500 guztira, eta oraindik haien egunerokoaren eta beharren inguruan pedagogia lan handia egin behar da”. Izan ere, eritasun bat ez bada ere, mundua ulertzeko eta bizitzeko beste molde bat dute pertsona hauek, eta laguntza behar dute.

Lan horretan 40 urte bete berri dituen Gautena erakundeak, hain zuxen, besta handia antolatu du Hondarribiko hondartzan Marea Urdinaren kanpaina bukaera gisa. Igandean bertan izanen da Hondarribiko hondartzaren aldameneko Kirol Kaian, zeharkaldia bukatu eta gero.