bidasoamedia bidasoamedia

Hondarribira joan da berriro Euskal Herriko Pintxo Txapelketa

Gastronomia

Hondarribiko Sardara tabernako Gorka Soutok eta Martin Merinok irabazi dute aurten Euskal Herriko Pintxo Txapelketa. “Barbalada” pintxoa izan da saritua. Hiru testura ezberdinetan egindako bakailaoa erabili dituzte pintxoa osatzeko: azal kurruskaria, tenperatura txikian lauzatutakoa eta brandada. Lagungarri gisa, hiru saltsa: keztatutako mahonesa bat, baratxuri beltz ali-olia, eta piper gorri, lima eta txiledun mermelada bat.

Txapela, Ramon Rotetaren Pintxo eskultura, Amstel Ororen urrezko orratza, Makroren 500 euroko txekea, diploma eta 3.000 euro lortu dituzte Sardarako arduradunek. Dena den, ez dira saritutako hondarribiar bakarrak izan. Gran Soleko Bixente Muñozek eta Erika Medinak bigarren saria irabazi dituzte, eta Danontzateko Gorka Irisarrik berrikuntzaren saria.

Donostiako Kursaal Jauregian izan da aurten XI. Euskal Herriko Pintxo Txapelketa. “Aurkeztu diguten guztiaren atzetik dagoen lana eta parte hartzaile guztien miniaturazko sukaldaritzaren garrantzia nabarmendu behar da”, azpimarratu du Bartzelonako Moments jatetxeko Raul Ballam epaimahaiburuak.