bidasoamedia bidasoamedia

Ibai Esteibarlanda: “Instituzioek, herritarrek, sare ekonomikoak eta komunikabideek ez dute eskualde

ekonomia

Tokiko garapena sustatzeko, Ikerketak ezinbestekotzat jotzen du euskara Hiritik At kooperatibako Ibai Esteibarlandak Bidasoako azterketa sozioekonomikoa eta informatiboa aztertu du. Lan honen bitartez eskualdea modu integral batean eta mugaz gaindi ulertzea bultzatu nahi da. Tokiko garapenean eskualdearen klabe eta agenteak identifikatu eta komunikabideen garrantzia, presentzia, gabezia eta aukerak aztertu dira.

Azterketa gauzatu ahal izateko Esteibarlandandak hiru motako eragileak aztertu ditu. Lehenik, tokiko garapen, lurralde antolamendua, ekonomia soziala eta komunikabideen alderdi teorikoa. Bestelako eskualdeekin alderaketak gauzatzeko Argia eta Holatukoop aztertu dira. Azkenik eskualdean tokiko garapena eta ekonomia soziala lantzen duten agenteak aztertu dira. Horien artean Hiritik At kooperatiba, Antxeta Irratia eta Irunero hamabostekaria.

Azterketak gauzatu ondoren Ibai Esteibarlandaren ikerketako hipotesi nagusia frogatu da: “eskualdea ez zuela ia inork modu integral batean lantzen, ez instituzioek, ez sare ekonomikoak eta ezta ere medioek edo komunikazio bitartekoek”. Eskualdea bi administrazio ezberdinetan banatua egotea laguntza urrikoa dela azpimarratu da.

Azterketaren bigarren hipotesia ekonomia soziala eta tokiko garapena lantzen duten agenteen arteko komunikazio falta da. Hau ere frogatutzat eman du arkitektoak eta ohiko harremanen gaindiko proiektu eta programa falta aurkitu du azterketak.

Azterketa Antxeta Irratiarekin batera gauzatu da eta hirugarren hipotesia irratiaren lekua aztertzen dela, azaldu du Esteibarlandak: “Antxeta Irratiak ere ez zuela oso argi nola eragin hor edo ze toki zeukan. Bai kontuak egiten ari zela eta eskertzekoa beti hori, baina hausnarketa baten ondorio ote zen?”.

Mugaz gainiko eskualdea

Eskualdea bi estaturen artean banatua egon arren mugaz gaindiko ezaugarriak betetzen direla, azaldu du Ibai Esteibarlandak: “Geografikoki badu ere mugaz gaindiko toki baten ezaugarriak. Badia bat delako eta bertako jendea herri ezberdinen artean joan etorrian dabil”. Bidasoak erreferente izateko aukera duela uste dut Ibaik. Izan ere, berezitasun geografikoa abantaila bihur daiteke, eragile kopurua handia delako, harremana lausoa izan arren. Muga administratiboei dagokienez, gainditu beharrekoak direla, uste du Esteibarlandak: “Ezin dugulako mugak administratiboki gainditzeari itxaroten egon. Egon daitezke proiektu batzuk europar maila mugaz gaindi sustatzen dutenak, baina bidea egunez egun egin behar da”.

Instituzioak oztopo
Instituzioen lurralde lanketa ez integralarekin amaitzeko kohesiorako plan bat ez egoteak Esteibarlanda atsekabetzen du: “Badaukagu Bidasoa garapen agentzia eta Irun eta Hondarribiari bakarrik erantzuten dio. Hankamotz geratzen da”. Partzuergoaren kasua ere aipatu da.

Ekonomia sozialaren harremanak

Azterketaren ildoetako bat agenteen harremanak dira. Bertan, harreman sozial, juridiko eta legalak daudela frogatu da. Hauek, fundazio, mutualitate eta kooperatiben bidez bideratzen dira. Harreman hau Esteibarlandarentzat harreman “ekonomiko eta enpresarialera” mugatzen da. Bestalde, ekonomia sozialaren baitan ikuspuntu sozialeko proiektuak ere badaude eskualdean. Horien artean Hiritik At, Emaus eta Lehen sektoreko hainbat baratza kooperatiba daude. Hauen arteko harremanak badaude, informalak izan arren, ikerketaren arabera. Eskualdeko ekonomia sozialaren sarea landu dute Bidasoa Bizirik garapen agentziak, Hiritik at kooperatibak eta Emausek. Hausnarketa hau aktibatzeke dagoela azaldu du Ibai Esteibarlandak.

Euskara kohesio elementu

Ibai Estebaibarlankak Euskara ezinbestekotzat jotzen du tokiko garapena gauzatu ahal izateko: “Euskara da bi aldeak elkartu ditzakena. Toki honetako hizkuntza natural bakarra euskara da”. Hizkuntzaren ildoa jarraituz komunikabideen papera aztertu da. Ikerketaren arabera komunikabideen funtzioa garrantzizkoa da jendearen pertzepzioa indartu edo gaiztotu daitekeelako. Hortaz, komunikabideen lana ezinbestekoa da eta hainbat zentzutan landu beharrekoa ikerketaren arabera.

Epe luzerako aplikazioa

Helburuak gauzatu ahal izateko pausu txikiak garrantzia handikoak izango dira eta instituzio ezberdinak harremanean jarri beharko direla azaldu du ikerketak, proiektuak eskatuz edo proposatuz. Administrazioak, udaletxeak eta garapen agentzien muga gaindiko erlazioa beharrezkoa izango da, horren adibidetzat Baionako komertzio ganbera eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren erlazioa aurkeztu du Estebaibarlandak.

Ekonomia sozialaren inguruko ezagutza areagotzeko eta proiektu eta harremanak sustatzeko, proiektuen mapa edo katalogoa sortzea aurre-ikusten du ikerketak. Katalogoaren bitartez ekonomia sozialaren beharrak aurreikustea errazagoa izango da.

Hedabideen kasuan eskualdeko garapena eta eskualdeko ekonomia soziala jarraitzeko hautua egiten bada, ikerketaren arabera, jendearengana iristea errazagoa izango dute eta erreferentzia irabaziko dute.