bidasoamedia bidasoamedia

Irailaren 30era arte eska daitezke eskolako materiala erosteko laguntzak

hezkuntza

200.000 euro bideratuko ditu aurten Irungo Udalak eskolako materiala erosten laguntzeko. “Erosi eta ikasi Irunen” kanpainaren hirugarren deialdia da, eta irailaren 30era arteko epea dute familiek diru-laguntzak eskatzeko. Lehen eta Bigarren Hezkuntzan ari diren, eta Irunen erroldatuta dauden haur eta gazteen familiei zuzendutako kanpaina da. Gainera, Irungo komertzioetan kontsumoa sustatzeko modua ere badela azpimarratu du Miguel Ángel Páez Sustapen Ekonomikoko ordezkariak. Hori baita baldintza nagusietako bat.

Irungo dendetan eskolako materiala erosi ondoren, fakturak gorde beharko dituzte familiek, gastuak justifikatu ahal izateko. Hiru neurritan emango dituzte diru-laguntzak, familien errentaren arabera. 100, 75 edo 50 euro emango ditu Irungo Udalak, haur bakoitzeko. Iazkoak baino kopuru handiagoak dira. Josune Gomez Hezkuntza arloko ordezkariak argudiatu du kanpainak arrakasta izan duela aurreko edizioetan: “Babes handia da familientzat, eskolara bueltak ekar ditzakeen gastuen aurrean”. Bataz beste, 1.500 eskaera jaso izan dira urteko, 2.000 haur ingururentzako laguntzak eskatzeko. Irun.org web gunean egin daiteke eskaera, baina Irun Txartela beharrezkoa da horretarako.