bidasoamedia bidasoamedia

Irungo III. Berdintasun Plana "fartsa hutsa" dela salatu dute kolektibo feministek

herri mugim. berdintasuna giza eskubideak

Gipuzkoako Foru Aldundiak, kolektibo feministek eta EAEko 20 udaletako berdintasun teknikarik erabateko desadostasuna agertu dute Irungo Udalarekiko, bere III. Berdintasun Plana egiteko jarraitu duen prozesuagatik eta erabaki aldebakarraz planetik kanpo utzi duelako alardeen gatazkan funtsezko eskubideak errespetatuko dituen konponbidea bilatzeko jardun oro.

Berdintasuneko foru zuzendariak, Laura Gomezek, adierazi du Irungo Udalak partaidetzazkoa “zirudien” prozesu bat garatu duela, plan hau egiteko, baina uko egin diola alardearen inguruan eztabaidatzeari eta akordioetara iristeari.

Salaketa honen ondotik, Irungo Udalak 2013-2016 urtealdirako gizon-emazteen arteko berdintasun politiken ardatz nagusiak zuzenduko dituen III. Berdintasun Planari buruzko oharra plazaratu du, bertan, alardearen gaia aintzat hartzen dela nabarmenduz.

ahatik, Irungo Bilgune Feministaren arabera, gaia Berdintasun Planetik kanpo utzi du Udala. "Plana fartsa hutsa bat da, parte-hartze prozesuan Berdintasun Batzordean guk egindako ekarpenak ez dira gero plan horretan irudikatu, eta alardearen gaia, eta orohar, jai parekideen inguruko guztian, eraso sexisten prebentzio neurriak barne, kendu egin dute", adierazi du Miren Lantzek Antxeta Irratian (89.7 FM). Zentzu horretan, Udalak bere Berdintasun Plan berrian alardearen aferari buruzko hiru parrafoko aipamen bat besterik ez duela txertatu nabarmendu du Bilgune Feministak. Berez, 2008ko maiatzean, Auzitegi Gorenak emandako ebazpena aintzat hartzen du puntu horretan, eta ebazpen horrek zion, ez alarde publikoa, ez pribatua, ez direla diskriminatorioak. Lantzen arabera, "horrek agerian uzten du Udalaren jarrera zein den, gutxienez, behingoz esku-hartzeko ezer egingo ez duela argi erakutsi du".

Nolanahi ere, plan hau udalbatzak berretsi egin beharko du oraindik. Eta Udala, Emakunderen informe baten esperoan dago. Halere, Udalak iragarri du Emakunderen balorazioa ez dela loteslea.