bidasoamedia bidasoamedia

Jaizkibel konpainiari buruzko erakusketa ikus daiteke

berdintasuna

Hondarribiko Jaizkibel konpainiaren aldarrikapenak 20 urte bete ditu aurten. 1996an egin zuten Alardean desfilatzeko lehen saiakera. 20 urteko ibilbideari buruzko erakusketa prestatu dute horren harira, eta irailaren 30era arte ikus daiteke Arma Plaza kultura eta turismo gunean, 10:00etatik 19:00etara.

Argazki txikiak eta ertainak dira, eta gehienek konpainiaren une gogorrenak irudikatzen dituzte. Badaude alaiagoak hala ere, eta horiek dira handienak. Eli Olaskoaga konpainiako kidea arduratu da argazkiak bildu eta erakusketa prestatzeaz. “Urtero bidaltzen dizkigute argazkiak eta asko zeinenak diren ez dakigu”, zehaztu du Olaskoagak. Horietan Jaizkibelen artxibokoak direla jarri dute, baina gustatuko litzaieke egileek haien burua aurkeztea.

Ostiralean amaituko da erakusketa Hondarribian. Dena den, Izaskun Larruskain konpainiako kapitainak onartu du, beharbada, beste nonbaiten erakusteko aukera izango dutela. “Norbaitek argazki politen bat badu, konpainiaren historia irudikatzeko balio duena, eskertuko genuke Arma Plazatik pasatzea eta gurekin harremanetan jartzea”, aipatu du Larruskainek. Artxiboa osatzen jarraitu nahi du Jaizkibelek.