bidasoamedia bidasoamedia

Jenaro Etxeandian hutsik dagoen orubea atonduko dute

Hirigintza

Urriaren 24an ekingo diote Irungo Jenaro Etxeandia plazako orube hutsa eraberritzeko lanari. Lorategi eremu bat, aparkalekuak eta espaloiak jarriko dituzte. “Egungo baldintza hobetuko du, eta gainera, bizilagunekin egindako batzarretan eskatutakoa beteko dugu”, baieztatu du Cristina Laborda Bide Publiko eta Obra ordezkariak.

Lorategietan, inguruko eremuetan dauden loreen antzekoak jarriko dituzte. Eserlekuak ere jarriko dituzte. Lorategien inguruan egongo diren espaloiek bi metroko gutxiengo zabalera izango dute, eta irisgarritasuna bermatuko dute. Bestalde, taxi eta motorrentzako aparkalekua jarriko dute. Argiteriari dagokionez, kanalizazio eta argi puntu berriak egokituko dituzte.

Sasoi Eraikuntzak enpresak egingo ditu lanak, 178.731,51 euroko aurrekontuarekin. Hamabi asteko iraupena izango dute. Bitartean, Foru Kalean ezingo da aparkatu. Alde batean jarriko dute taxi geltokia, eta bestean, berriz, espaloia konponduko dute. Ostiral eta larunbatetan, Foru Kalean ez ezik, Bixera zaharrean ere egongo da taxiak hartzeko aukera.