bidasoamedia bidasoamedia

Kepa Ordoki elkartea aurkeztu dute

Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan Elkartea sortu dute Irun, Hondarribia eta Hendaiako bizilagun talde batek. Bidasoa bailaran askatasuna, demokrazia eta justizia sozialaren alde borrokatu edo bizitza eman zuten pertsonen oroitzapen historikoa berreskuratzea da elkartearen egitekoa, haien ideiei duintasuna eman eta horiek zabalduz. Elkarteak, 1936ko altxamendu faxistaz gain, frankismoa eta trantsizioa deituriko epeak aztertuko ditu, 1936tik 1978ra beraz. Tokiko ikuspuntua emango diete landutakoei.

Gaur aurkeztu dute elkartea, Irunen. Elkartearen sortzaileek esan dutenez, “egun, ez dago biktimen errolda definitiborik eta ez dakigu zenbat jende fusilatu zen, edota zenbat pertsonek jasan zuten errepresioa, are gutxiago Behe Bidasoa eskualdean”. Horregatik, horiei guztiei aurpegia jartzen lan egingo du Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan Elkarteak.

Ezinbestekoa da elkartekoentzat oroimen historikoak eskatzen duen errespetua, herrien etorkizuna eta pertsona aske eta solidarioen garapenerako, hala, elkarteak egiaren berreskuratze eta horren zabalpenean lan egingo du: ikerketa, argazki, informazio edo testigantzen dibulgazioa, jardunaldi memorialistak, eta behar beste ekintza garatuko dituzte, “modu honen bidez bakarrik lortuko da biktimentzako eta armekin isilaraziak izan ziren pertsonen aldeko justizia egitea.