bidasoamedia bidasoamedia

Kepa Ordoki hil zela 25 urte

1993ko azaroaren 28an hil zen Baionan Kepa Ordoki Vazquez gudari irundarra. 1936ko Gerran nabarmendu arren —San Andres batailoiko kapitaina izan zen—, batez ere erbestean egindakoengatik azaltzen da historia liburuetan. Eusko Jaurlaritzaren aginduz sorturiko Gernika batailoia gidatu zuen, Medoc frontean Carnot Brigadaren barruan nazien kontrako erresistentzian parte hartuz.

1945eko apirilean Gernika batailoiak alemaniarrak Pointe de Gravetik kanporatu zituen eta, ekintza hargatik, zilarrezko izardun Gerra gurutzea eman zioten Ordokiri. De Gaulle jeneralaren eskutik jaso zuen irundarrak saria, ikurrina ondoan zuela.

Etzi, asteazkenez, 25 urte beteko dira Ordoki hil zenetik. Hori horrela, eta irundarraren borroka ezagutarazi eta balorean jartzeko, Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan taldeak ekitaldi sorta antolatu du. “Heriotzaren urteurrena, aitzaki ezin hobea da, Ordokiren bizia berreskuratu eta honen baitako oroimen ariketa bat garatzeko”, azaldu dute.

Hondarribian, Irunen eta Hendaian egingo dira jardunaldiak, bihar hasi eta larunbata arte. Kepa Ordoki MHB-k herritarrei deia luzatu diete, buruzagi antifaxistaren omeneko ekitaldietara hurbildu daitezen: “Oroimen historikoak eskatzen duen errespetua ezinbestekoa da herrien etorkizuna eta pertsona aske eta solidarioen garapenerako. Horregatik, Behe Bidasoko bizilagunak deitzen ditugu egiaren berreskuratze eta zabalpenean elkarrekin egoteko azaroak 27 eta abenduak 1 artean burutuko diren ekintzetan”.