bidasoamedia bidasoamedia

Klik egunean jakinaraziko dute azaroaren 18ko galdera

Maiatzaren 19an, Klik Egunean aurkeztuko du Hartu Hitzak azaroaren 18ko Irungo herri galdeketako galdera. Larunbatean mosaiko erraldoia osatu nahi dute Zabaltza plazan, 18:00etan hasiko duten ekitaldian. Hartu Hitzatik jakinarazi dutenez, jai giroa izango da, eta irundar guztiei luzatu diete bertaratzeko deialdia.

“Irunen estatu politikoaren inguruko herri galdeketa bat antolatzeko gure iniziatibak babes zabala du”, adierazi dute. Oso pozik azaldu dira taldeko kideak, eta eskerrak eman nahi izan dizkiete babes adierazi duten herritar guztiei.

Jakinarazi dutenez, 3.000 sinadura biltzea zuten xede, eta guztira, 3.861 herritarrek babestu dute galdeketa. Horietatik, %52,3 gizonezkoak izan dira eta %47,7 emakumezkoak. Sinadurak “banan-banan eta modu zuzen eta argi batean” bildu dituztela nabarmendu nahi izan dute.