bidasoamedia bidasoamedia

Kontrolak eta sentsibilizazioa egingo ditu Irungo Udaltzaingoak

hezkuntza

Aurten aurrera eramango dituen sentsibilizazio kanpainen berri eman du Irungo Udaltzaingoak. Espainiako Trafiko Zuzendaritzaren 2011-2020 Plan Estrategikoa, Eusko Jaurlaritzak 2015-2020 eperako duen plana, eta Irungo Mugikortasun plana kontuan hartu ditu egin beharrekoen plangintza burutzeko.

2011 urteaz geroztik, istripuen kopurua eta haien larritasuna apaldu egin direla baieztatu du Irungo Udaltzaingoak. 2011n, zaurituak eragin zituzten 171 istripu izan ziren Irunen. 2015ean, berriz, 82. Istripuen %61 despisteen ondorioz gertatu ziren. %23 gehiegizko abiaduragatik edo trafiko seinaleak ez errespetatzeagatik. Drogek eta alkoholak istripuen %7 eragin zuen.

Kontrolen kopuruak ere gora egin du epe horretan. 2013an 719 kontrol egin zituen Irungo Udaltzaingoak. Iaz, berriz, 1.045. Aurten, 10 gai ezberdinen inguruko kontrolak egingo dituztela aurreratu dute Udaltzaingoko arduradunek: mugikor kanpaina, alkoholarenak, motoenak, kolpatzeenak, bizikletenak, abiadurarenak etab. Batez ere, hiri barnean dauden eremuetan egingo dituztela aurreikusi du Udaltzaingoak, bertan daudelako “talde ahulenak”: oinezkoak, txirrindulariak, eta moto gidariak.

Sentsibilizazioaren garrantzia

Kontrolez gainera, sentsibilizazio lana eta bide heziketa ezinbestekoak direla uste dute. “Normalean egiten ditugun kontrolez gain, beharrezkoa iruditzen zaigu segurtasun neurriak errespetatzearen beharra behin eta berriro azpimarratzea”, adierazi du Lourdes Larraza Udaltzaingoaren ordezkari politikoak.

Ikastetxeetan, Meakako bide heziketa zentroan eta 14-16 urte arteko gazteentzako formazioetan landuko dute. Azken sektore horrekin sentsibilizazioa lantzeak duen garrantzia nabarmendu du Udaltzaingoak, ziklomotorren gidariak direlako, eta iaz, istripuetan zauritutakoen %71 moto edo ziklomotor gidariak izan zirelako.

Adinekoen zentro sozialetan ere hitzaldiak emango dituzte, oinezko mugikortasun arduratsu baten alde. Joan den urtean harrapatutako oinezkoen erdia ez zihoan zebrabidetik. Eta harrapatuta zauritutakoen %80, 70 urtez gorako emakumezkoak ziren.