bidasoamedia bidasoamedia

Kontrolen ondorioak nabari dituzte mugako merkatariek

ekonomia

Parisko atentatuen ondotik, joan den neguan salmentak erdira apaldu ziren Santiago eta Behobiako establezimenduetan, Iparraldeko bezeroen beherakadarekin. Oraingoan, futboleko Eurokoparen segurtasun neurriak direla eta kontrol kanpaina martxan dago berriro. Hamar egun dira jada Frantziako poliziak mugako kontrolak indartu dituela.

Auto ilara luzeak eta zirkulazio arazoak sortu dira errepidean, baina Santiagoko eta Behobiako establezimenduetan, galera ekonomikoak ere nabari dituzte. Bezero gutxiago dituzte, eta hurbiltzen direnek gutxiago erosten dute. Hori dela eta, merkatari gehienek ekainean egin ohi dituzten udako kontratazioak jokoan daude. Momentuz, uztailera atzeratu dituzte.

Polizia frantsesaren kontrolak ez dira etengabeak, eta auto ilarak puntualak dira. Hala ere, blokeoaren “paranoia” bat sortu dela baieztatu du Ainhoa perfumeriako arduradunak. “Erosketak egitera jende gutxi pasatzen ari da. Eta etortzen direnek, erosketa txikiak egiten dituzte”, berretsi du Faisan tabernako kideak.