bidasoamedia bidasoamedia

Kontrolen zorroztearen eragina nabari da eskualdean

Aktualitatea

Frantziako Gobernuak mugetako kontrolak zorrozteko hartu duen erabakiaren eragina nabari da jada Behe Bidasoa eskualdean. Futboleko Eurokoparen harira hartu ditu neurriak gobernuak. Uztailaren 11ra arte luzatuko dituzte.

Batetik, Frantziako Poliziak kontrol etengabea jarri du Biriatuko ordainlekuan, autoentzat eta kamioientzat. Hori dela eta, ilara luzeak sortu dira Irundik Oiartzun eta Errenteria aldera. 11 kilometro inguru hartzen du kamioien ilarak AP8 autobidean. Bestetik, Santiagoko eta Behobiako zubietan ere kontrolak jarri dituzte.

Abenida zubia itxita, Hendaiako aldean

Irungo Abenida zubia itxita dago, eta oinezkoek beste bide batzuk erabili behar dituzte Bidasoa zeharkatzeko. Dena den, José Antonio Santano Irungo alkateak gaur goizean iragarri du agindua eman diola Udaltzaingoari, joan den astelehenean Irungo aldean jarritako hesiak ken ditzan.

"Frantziako Gobernuak zubia ixtea erabakitzeko segurtasun arrazoiak beraiei dagozkie beren sarbidean, baina gure itxierak kaltetu egiten ditu zubi horretara arrantzara edo paseatzera joaten direnak ere, eta kentzea erabaki dugu", argudiatu du Santanok.