bidasoamedia bidasoamedia

Kontrolik gabeko behiak Jaizkibeldik aterako dituzte

Ingurumena

Igandean aterako dituzte Jaizkibelen bizi diren kontrolik gabeko abelgorriak. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako sailak jakinarazi du. Aldundiko teknikariek eta abereak biltzeko lanean adituak direnek parte hartuko dute lan horretan.

Abelgorriak harrapatu eta bildu ahal izateko, segurtasun neurriak bermatu nahi ditu aldundiak. Horretarako, herritarrei hainbat ohar bidali dizkie: sarbidea debekatuta egongo da Gi-3440 errepidearen eta itsasoaren arteko eremura, baita Artzuportutik antenetarako eremura ere. Hondarribia eta Lezo Jaizkibeldik lotzen dituen Gi-3440 errepidea zabalik egongo dela jakinarazi du aldundiak. Mendiko pista nagusiak, berriz, itxita egongo dira.

Abelgorriak menditik kentzeko prozesua Hondarribiko Udalarekin lankidetzan egin du aldundiak. Abelgorriak abandonatuta zeuden, kontrolik eta jaberik gabe. Jabeei abelgorriak ken zitzaten erreklamatu zitzaien prozesuaren hasieran, baina ez zen jaberik agertu. Abereek ez zuten zainketarik, ez eta inolako ziurtagiri edo horien jatorriaren daturik. 2013ko udaberritik ez zuten osasun higiene kontrolik izan.