bidasoamedia bidasoamedia

Kulturen arteko topagune izan nahi du Ikusmirak

Kultur aniztasuna

Atzerriko komunitateari zuzendutako ekimena burutuko du Irungo Udalak maiatzean eta ekainean. Ikusmira izenpean, udaleko bitartekoetarako informazioa ikustaldiak egingo dituzte. "Udalerrian bizi diren atzerriko pertsonei harrera egiteko eta Irunek hainbat eremutan eskaintzen dituen bitartekoak ezagutzera emateko sortu da proiektua. Bide batez, kultura desberdinetako pertsonen arteko topaguneak eta harremanetako guneak bultzatzeko ere bai " azaldu du Sergio Corchón Gizarte Ongizatea arloko ordezkariak.

Ikusmira proiektua kultura-bitartekaritza jardueren programan kokatu dute. Departamentuko arduradunek azaldu dute, 2015ean Ikusmira proiektuaren esperientzia-pilotu bat abiarazi zutela, aldez aurretik programarekin harremana zuten pertsona batzuekin, eta esperientzia "oso positibotzat” jo zutela parte-hartzaileek. 'Ikusmira' programaren lehenengo edizioa maiatzaren 18tik ekainaren 27ra arte egingo dute.

Zazpi jarduera izango dira

Zazpi jardueraz osatutako programa izango da. Asteazkenetan, 10:00etatik 12:30era egingo dituzte saioak. Udaleko hainbat bitartekotan lan egiten duten eragileek parte hartuko dute. Udaleko bitartekoetarako informazio ikustaldiak egingo dituzte, migrazio esperientziei buruzko hitzaldia antolatuko dute, eta bisitaldi gidatuak egingo dituzte Oiasso Museora eta nekropolira, eta Plaiaundi Parke Ekologikora.

Amaiera ekitaldia ekainaren 27an izango da, 10:00etan. Proiektuko jarduera guztiak doakoak izango dira.Parte hartu nahi duten pertsonek (50 lagunekoa da muga) izena eman dezakete, maiatzaren 2tik 12ra, udalaren web gunean edo 010era deituta.