bidasoamedia bidasoamedia

Lakaxitak Anaka kalean jarraituko duela ospatuko dute Jaion festan

herri mugim.

Jaion festaren hamahirugarren edizioa egingo dute, Lakaxita gaztetxearen hamaikagarren urteurrenean. Apirilaren 23an izango da, larunbatarekin. La Chula Potra rap abeslariak eskainiko du kontzertu ibiltaria, Moskutik Lakaxitara. 17:30etan irtengo da. Ondoren, kontzertuak egongo dira gaztetxean: Elorrio, Han, "El duro" bikotea, Niña Coyote y Chico Tornado eta bidasoaldeko Zura. Gaualdia luzatzeko DJak izango dira, DJ Leire Volta eta Selektah Amunda.

Udalak gune autogestionatua eraisteko asmoa baztertu eta gero hasi dira Jaion festa lasaitasunez prestatzen. Martxoaren 17an bildu ziren Lakaxitako asanbladako kideak Xabier Iridoy Hirigintza arloko ordezkariarekin eta arkitektu burua den Mikel Gargallorekin. Udaleko ordezkariek baieztatu zieten ez dutela Lakaxita eraisteko asmorik, eta hamaika urteko ibilbidean egindako lanaren aitortza egin zieten.“Lakaxita beriola” leloa hautatu dute festarako, gaztetxea dagoen horretan nahi dutela aldarrikatzeko.

Hamaika urteko ibilbidea, eta aurrera egiteko asmoa

Hamaika urtean zehar, Lakaxita feminismoa lantzeko, maskulinitatea ezbaian jartzeko, etxegabetzeen kontrako mugimendua sendotzeko, AHTa salatzeko, natura defendatzeko, kultur aniztasuna bultzatzeko, gazteen “errebeldia” aldarrikatzeko gune izan dela gogorarazi dute bertako kideek. Oztopoak gora-behera, aurrera egiteko asmoa ere berretsi dute: “Badira pastela zapuztu nahi digutenak, baina Lakaxita osatzen dugun pertsona eta kolektibook bizkotxoak bezain samurrak gara, merengea bezain krematsuak, azukrea bezain goxoak. Tarta labean da, ilusioa, kolorea eta goxotasuna osagai dituen tarta, bertan parte hartu nahi duten guztientzat den tarta, autogestioan oinarrituta dagoen eta unibertso berri bat eraiki nahi duen tarta”.