bidasoamedia bidasoamedia

Lankidetza bekak eskainiko dizkie Hondarribiko Udalak herriko gazteei

elkartasuna

Gazte lankide boluntarioei zuzendutako bekak deitu ditu Hondarribiko Udalak. Hondarribian jaio edo eskaera egin aurreko bost urteetan bertan erroldatuak egon diren 18-35 urte bitarteko gazteek hartu ahal izango dute parte. Bekaren kopurua gastuen araberakoa izango da, 1.500 eurokoa gehienez. Maiatzaren 14a baino lehen eman behar da izena.

“Hondarribiar gazteengan sentsibilizazioa piztea da helburua. Hain zuzen ere garapen bidean dauden herrialdeei garatzen laguntzeko, eta aldi berean gazteengan herrialde eta kultura ezberdinen arteko elkartasun kultura sustatzeko”, azaldu du Arantxa Berrotaran Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak.

Boluntarioek, lankidetza proiektu bat aukeratu eta horren garapenean lan egin beharko dute, hilabete edo gehiagoz. “Zuzenean parte hartuko dute garapenerako borondatezko lankidetzan, garapenerako gobernuz kanpoko erakunde bat dela medio, eta bertatik bertara ezagutuko dute gutxienez hilabete betez ekintza horien garapena”, argitu du Berrotaranek.