bidasoamedia bidasoamedia

Lanuzteak egingo dituzte Euskotrenen

Lan mundua

Otsailaren 25era arteko lanuzteak iragarri dituzte Euskotreneko Araso eta Amara egoitzetako makinistek. San Sebastian Egunaren bezperan egingo dute lehen lanuztea, urtarrilaren 19an. 19:00etatik gauerdira arte etengo dute zerbitzua. Urtarrilaren 20an, San Sebastian egunean, 24 orduko lanuztea egingo dute.

Grebarekin, tren agente finkoen kopurua handitzea, Arasoko langileek zerbitzu publikoak erabiltzeko aukera edukitzea, eta zuzendaritzak jarritako salaketa bertan behera uztea eskatzen dute. Salatu dute Euskotreneko Zuzendaritzak ezarritako frekuentzia berriei erantzuteko jarri zuen lanpostu finkoen ugaritzea ez zela nahikoa izan.

Bestetik, aldarrikatu dute zuzendaritzak ez duela langileen batzordeak eskatutako garraio plana onartu: “Euskal Herriko garraio enpresa handienak ez ditu ezta bi tren ere jarri nahi goizeko lehen txandetako lantokira joan ahal izateko eta arratsaldeko azkenetakoak etxera itzuli ahal izateko”.

Enpresaren jarrera salatu dute

Negoziazioetan “jarrera inmobilista” izatea eta zerbitzu koadroa inposatzea ere egotzi diote zuzendaritzari: “Entzungor egin die negoziazioak berriz ere hasteko eskaerei. Greba Batzordea osatzen zuten langileak, sindikatuak eta batzorde iraunkorra auzitegietara eraman ditu, gainera, inoiz egin ez ziren lanuzteengatik, bertan behera utzi ziren eta”.

Erabiltzaileei dei egin diete langileek: Uste baduzue gure eskaerak bidezkoak direla, eta gure mobilizazioek kalte egiten badizuete, zuen eskubideen alde erreklamazioa egin. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren erreklamazio orri bat eskatu dezakezue geltokietan”.