bidasoamedia bidasoamedia

Larrialdi Sozialeko Laguntzen partida emendatu du Irungo Udalak

eskubideak

AES edo Larrialdi Sozialeko Laguntzak bazterketa sozialeko arriskuan dauden familiek etxebizitzarekin lotutako gastu zehatzak estaltzeko bideratzen dira (telefonoa, ur hornidura, zabor tasak, jabego komunitate gastuak, eta bereziki, energiari lotutako hornidura). Irunen, udalak kudeatzen ditu. Aurten, Eusko Jaurlaritzak emandako 609.000 euroko partidari, 175.000 euro gehitu dizkio, azken urteotan, Eusko Jaurlaritzak emandako kopurua ez baita aski izan.

Azaroara arte, 262 eskaera tramitatu ditu Irungo Udalak, Larrialdi Sozialeko Laguntzei dagokienez. Bestalde, Udalak oroitarazi du bazterketa sozialaren baldintzak betetzen ez dituzten familiei zuzendutako Laguntza Bereziak ere badaudela. Baldintza horiek bete gabe bada ere, une jakinetan zailtasun ekonomikoak dituzten familiei, ordainketa zehatzak egiten laguntzeko aukera eskaintzen dute. Aurten 130.000 euro bideratu ditu Udalak horretarako.

Guzti horri RGI edo Dirusarrera Bermatzeko Errenta gehitu behar zaio. 1.400 irundar dira, gaur egun, jasotzen dutenak. Sergio Corchon Irungo Udaleko Gizarte Ongizatea arloko ordezkariak gogora arazi nahi izan du aipatutako laguntzak herritarren esku daudela: “Muturreko egoeretara iritsi aurretik, udaleko gizarte zerbitzuetara jo dezakete, laguntza jasotzeko baldintzak betetzen dituzten galdetzeko”.

Pobrezia energetikoaren arazoa

Neguko hilabeteetan, larrialdiko laguntza eskaeren parte handi bat, argindar edota gas fakturak ordaintzeko izaten direla baieztatu du Irungo Udalak. Pobrezia energetikoari aurre egiteko, alegia. Pobrezia energetikoa errealitatea da Irunen, eta oro har, Euskal Autonomia Erkidego osoan. EAEn, 90.000 herritarrek dituzte arindar edo gas fakturak ordaintzeko zailtasunak.

Euskadiko Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinadorak hainbat kanpaina egin ditu azken urteotan, pobrezia energetikoaz ohartarazteko. Eneko Calle bozeramaleak azpimarratu du pobrezia energetikoaren aurka, borondate politikoa “ezinbestekoa” dela. “Krisi ekonomikoak kontzientzia asko astindu ditu, eta horrek eramaten gaitu Gobernuz Kanpoko Erakundeok, tokian tokiko gizarte mugimenduekin lan egitera”, erantsi du.