bidasoamedia bidasoamedia

Larunbatean egingo dute sanmartzialetako Herri Bazkaria

Aisia

Ficoba erakustazokako hiru pabiloiak beteko ditu Betti Gotti elkarteak sanmartzialetan antolatzen duen Herri Bazkariak, ia 2.000 gazterekin. Ekainaren 25ean izango da, eta egun osoko egitaraua prestatu dute.

Kuadrillen arteko olinpiadetako finala egingo dute goizean, Urdanibia plazan, hamaiketakoaren ondotik. Port Aventurara bidaia irabaziko du talderik onenak. 12:00etan Peña Poteo eta Abiyuan txarangak irtengo dira, eta 13:15etan kalejirari ekingo diote, jendea Ficobara gerturatzeko.

Joan den urtean bezala, aurten ere erakustazokako hiru pabiloiak hartuko ditu Herri Bazkariak. Lehenengo bietan bazkaltzeko mahaiak egongo dira. Batean 18 urtetik 23ra artekoak, bestean, berriz, 24tik gorakoak. Jende asko bilduko da batera bazkaltzen, hortaz, jendeak errespetuz joka dezan eskatu dute antolatzaileek: “Zerbitzariei laguntzea, boluntarioen argibideak jarraitzea, bazkarian zehar zutik ez jartzea edo janaria alde batetik bestera ez botatzea”.

Dantzaldia eta kalejira

Ficobako hirugarren pabiloian, bazkariaren ondorengo dantzaldia egingo dute. Haitzama taldea eta DJ bat ariko dira arratsaldean zehar, musika emanaldiak eskaintzen. Diseinuen lehiaketako sariak ere banatuko dituzte bertan. 20:30etan, bueltako kalejirari ekingo diote, Burrunba elektrotxarangarekin. Eguneko tarte horretarako, boluntario gehiago behar dituztela nabarmendu du Ainhoa Ruanok: “Musikariek haien lana egin dezaten, babestu egin behar ditugu”. Interesa duenak herribazkaria@bettigotti.com helbide elektronikora idatzi dezake, edo Betti Gottirekin sare sozialen bidez harremanetan jar daiteke, bestela.