bidasoamedia bidasoamedia

Lau sexu eraso izan dira asteburuan Irunen

Aktualitatea

Drogak baliatuta, lau sexu eraso izan dira asteburuan eskualdean, Antxeta Irratiak jakin izan duenez. Biktimak Bidasoko Ospitalean artatu dituzte. “Burundanga” izenez ezaguna den drogaren eraginpean izanik, biktimek ez zuten gertatutakoa ongi oroitzen. Hala ere, azterketa fisikoek agerian utzi dute sexu erasoen biktima izan direla. Antxeta Irratia Irungo Udalarekin harremanetan jarri da, udaltzaingoaren edo Ertzaintzaren informazioaren bila. Haien konfirmazio ofizialik ez dago.

Irungo Bilgune feministak, Euskal Irratietan jasotako informazio horren berri izan du, eta eraso hauek salatu ditu. “Horrelako gertakariak ezin dira onartu, ezin dira gertatu”, adierazi du Ainara Lopez Bilguneko kideak. Irungo jaien testuinguruan, ondorengo gomendioa luzatu du: “Laguna egoera arraroan ikusten baldin badugu elkarren zaintza egitea”. Paniko orokorrik sortu gabe, jaiez gozatzeko mezua ere zabaldu du Bilgune Feministak.

Erasoetan erabilitako drogari dagokionez, Hego Amerikatik heldu eta Europan gero eta gehiago zabaltzen ari da burundanga, edo eskopolamina. Substantzia honen eraginpean dagoenak bere buruaren kontrola galtzen du batetik, egiten duena ez oroitzeraino. Bestetik, egiten duena isil bezain apal obedituz egiten du, norbaitek gidatutako robot bat balitz bezala. Edo txotxongilo hutsa balitz bezala. Horregatik esaten zaio droga zonbia, beste izen batzuen artean.