bidasoamedia bidasoamedia

Laugarren autobus linea du Irunek

Garraioa

Irailaren hasieraz geroztik martxan da IrunBus zerbitzuko laugarren linea. L-4ak hiriko erdigunea mendebaldeko auzoekin lotuko du, orain arte zerbitzurik ez zuten Anzaran eta Pinarrekin, batez ere. Fermin Calbetoneko geltokian irtengo da, eta bertan amaituko du ibilbide biribila. Colon ibilbidea, Anzaran, San Miguel, Gipuzkoa eta Euskal Herria hiribideak, Olaberria, Urdanibia plaza eta San Martzial kalea zeharkatuko ditu.

Astelehenetik ostiralera, 6:45ean izango da L-4 autobusaren lehen irteera, eta 22:45ean azkena. Larunbatetan, 7:15ean lehena eta 22:15ean azkena. Igandeetan eta jai egunetan, 7:45etik 21:45era ibiliko da autobusa. Prezioari dagokionez, tarifak aldatu egin dira apirilean. Aldizkako paperezko txartela 1,40 eurotik 1,45 eurora igo da. Deskontu tarteak ere handitu dira, ordea, Mugi txartelaren erabiltzaileentzat. 1-20 joan-etorrien deskontua %46koa izango da (lehen %45ekoa zen), eta 21-50 joan-etorrien deskontua %57koa izango da (lehen %56koa zen) Garraioaren Lurraldeko Agintaritzak ezarritako neurriak dira, Mugiren erabilpena sustatzeko.

Irungo Udaleko Mugikortasuna arloaren datuen arabera, 1.671.366 bidaiari eduki zituen IrunBusek 2017an. Aurreko urtean baino %2 gehiago. Marka onena da, 2002 urtean hirian datu horiek kontabilizatzen hasi zirenetik. “Gero eta jende gehiagok aukeratzen ditu autobusak hirian zehar mugitzeko”, adierazi du Cristina Laborda Mugikortasuna arloko ordezkariak. Nabarmendu du, era berean, gero eta iraunkorragoa izango den garraiobide sistema baten alde egiten ari direla, eta Irunek, Gipuzkoako lehen autobus linea elektrikoa izango duela aurten.