bidasoamedia bidasoamedia

Laura murriztu dituzte pistak lekualdatzeko aukerak

Plaiaundiko kirol instalazioak lekualdatzeko proposamenen ikerketa aurkeztu du Irungo Udalak, bozeramaileen batzordean. Zortzi ziren hautagaitzak, eta laura murriztu dute zerrendan.

Gaur egun mahaiaren gainean dauden alternatibak Urdanibia-Zubieta (Irungo lurretan), Txenperenea, San Migel-Anaka eta Beko Errota. Zubieta (Irun eta Hondarribiko lurrak aintzat hartzen zituena), Buena Vista, La Zapatilla-Montero eta trenbidearen eremua, beraz, zerrendatik kendu dituzte.

Zenbait aldagai kontuan hartu dituztela nabarmendu du udalak: hirigintza analisia egin dute, ingurumenekoa, ekonomikoa, eta epeei dagokiena. Talde politiko guztiek jada esku artean dituzte lau alternatiba horien analisi orokorraren datuak. Plaiaundiko instalazioak erabiltzen dituzten kirol taldeei ere —Txingudi Rugby Club eta Bidasoa Atletismo Taldea— helarazi diete alternatiben ikerketa hori.