bidasoamedia bidasoamedia

Lonan Garciaren ZONA-84 lanak irabazi du Irungo Gazte Bideo Txapelketa

Gazteria

Abenduaren 28an egin dute Irungo Gazte Bideo Txapelketaren XX.edizioaren sari banaketa. Sail ofizialeko saria Bartzelonako Lonan Garciak lortu du, “Zona-84” lanarekin. 1.500 euroko saria eman diote. Fikzio futuristan girotutako film labura da, Bartzelona apokaliptiko batean kokatua. Munduko oinarrizko baliabideekiko dagoen botere gehiegikeria salatzen du filmak.

“+ Cortos” saileko irabazlea Diego Porral madrildarra izan da, “Old Tech” laburrarekin. Kutxa Fundazioak babestutako 600 euroko saria jaso du. Ahaztutako teknologia gordetzen duen kaxoi baten inguruko istorioa kontatzen duen animazio bideoa da.

Behe Bidasoa eskualdeko saileko bideo onena Laura Gallego hondarribiarraren “El viejo sin mar” izan da. Bertan, erretiroa hartutako marinel baten egunerokoa kontatzen du. Postuan amarratuta duen itsasontzian bizi da. Egun batean etxe-gabetzea iritsiko zaio eta horrekin batera iraganeko mamuei aurre egin beharko die. 200 euroko saria eta estatuko 50 jaialditarako izen-ematea lortu ditu Gallegok.

Mundu osoko film laburrak

Guztira 224 film labur jaso dituzte aurten antolatzaileek, 209 sail ofizialean, 34 “+ Cortos” sailean eta 5 Behe Bidasoa eskualdekoan. Mundu osotik iritsi dira bideoak: Hego Koreatik, Espainiatik, Estatu Batuetatik, Austriatik, Luxenburgotik, Frantziatik, Brasildik, Errusiatik, Alemaniatik, Kanadatik, Danimarkatik, Arabiar Emirerrietatik, Islandiatik, Italiatik, Ingalaterratik, Australiatik eta Mexikotik.