bidasoamedia bidasoamedia

Maria Angeles Zugarramurdi, musikagile eta abeslaria:“Sormenak bultzatu nau jaio gabeko abestiak kon

Mari Angeles Zugarramurdik esperientzia zabala du musikagintza eta olerkien munduan. Esperientzia sentimenduekin elkartu ostean “Zilbor-hestetik bihotz-hestera” izeneko bere lehen disko bilduma sortu du. Bizitzaren sorrera eta haurren hazkundeko lehen urteak landu ditu disko bikoitza osatzen dituen 36 kantuekin.

Zergatik erabaki zuen disko bat kaleratu nahi zenuela? Pertsona guztiek ahalmen ezberdin bat dugun aldetik, nik konposatzeko ahalmena dut. Diskoaren abestien letrak %100ean nik konposatu ditut eta nik neuk abesten ditut. Inspirazio puntua duela 9 urte inguru iritsi zitzaidan, nire alabak haurdun zegoela iragarri zidanean.

“Pertsona guztiek ahalmen ezberdin bat dugun aldetik, nik konposatzeko ahalmena dut”

Erraza izan da diskoa kaleratzeko lana? Nire kontu lan egin dudanez kostu guztiak nire gain hartu ditut. Proiektu oso luzea da, haur baten sorreratik heldurainoko prozesua biltzea baitu helburu. Abesbatzetan eta taldean abesteko ohitura dudan arren, bakarka aritzea gogorra eta arraroa izan da.

Zure ingurukoen babesa jaso duzu? Familia eta ingurukoen animoak behar izan ditut eta asko eskertzen ditut, baina, bereziki eskerrak eman nahiko nizkieke Idoia Genua eta Ainara Mayari.

Olerkigintza eta musikagintzan duzun esperientzia baliagarria izan zaizu? Jende askok aurkakoa uste duen arren, nire ustez ez da solfeorik jakin behar abestiak konposatzeko. Sormenak bultzatu nau jaio gabeko abestiak konposatzera. Letra idazteko, ordea, gaia menperatzea beharrezkoa da, melodiekin elkartu ahal izateko.

“Diskoan bildutakoak ez dira nire bizipenak bakarrik, edozein identifikatuta senti daiteke”

Zer bildu duzu proiektuaren lehen fase honetan? 13 abestiz osatutako aurkezpen CD bat prestatu dut, baina, Durangoko azokakoa 36 abestiz osatutako disko bikoitza izango da. Ama eta amatxi izateaz gain, haurrez inguratuta egon naiz nire bizitzan zehar eta bizipen positiboak biltzen saiatu naiz disko honetan. Hala ere, diskoan bildutakoak ez dira nire bizipenak bakarrik, edozein identifikatuta senti daiteke.

Zein arlotan espero duzu baliagarria izatea zure lana? Gai aski zabala denez, arlo askotan erabilgarri izatea espero dut. Haur edo nerabeekin lotura duen edonorentzat eta, orokorrean, gizarte guztiarentzat.

Zenbat denbora eskaini diozu lan honen sorrerari? Ezinezkoa da ordu guztiak zenbatzea, izan ere, konposatzea inspirazioaren arabera egiten da eta hori egun batetik bestera aldatzen da. Guztira 9 urte behar izan ditut diskoa sortzeko, tarteka lan egin dudalako, inspiraziozko momentu libreak aprobetxatuz.

Non eskuratu daiteke diskoa? Kaleratzen dudan lehen produktuk fisikoa izanik eta oraindik diskoetxeekin hitz egin ez dudanez, momentuz, ez da dendetan salgai egongo. Bestalde, burokrazia handia eskatzen duen prozesua denez, azoketan edo nirekin kontaktuan jarriz lortu ahalko da.

Zein gai jorratu nahiko zenituzke zure hurrengo lanetan? Nire lana zabaltzen jarraitzea gustatuko litzaidake, orain ereindako haziaren fruituak etorkizunean jaso ahal izateko. Hurrengo lanetan ume eta gazteen faseak lantzen jarraitu nahiko nuke.

Diskoa sortzeko prozesuan ikasitako guztiaren ostean, bi gauza errebindikatu nahiko nituzke. Alde batetik, haurren heziketarako erabiltzen diren materialek %21eko BEZa ordaindu behar izatea bidegabea iruditzen zaidala. Bestetik, CD baten sorrerak zelako lan handia duen ikusi dut eta jendeari gogorarazi nahiko nioke musika pirateatuz gero, lan hori ordaindu gabe gelditzen dela.