bidasoamedia bidasoamedia

Mugaren ikuspegi ezberdinak landuko dituzte Ribera bekaren irabazleek

Ribera bekak eman ditu Irungo Udalak, bigarren aldiz, arte garaikidea, memoria historikoa eta mugaren kontzeptua uztartzen dituzten proiektuak laguntzeko. Antzezlan bat eta bideo dokumental bat izango dira aurtengo emaitzak.

RIBERA bekaren onuradunek 9.000 euroko laguntza ekonomikoa eta 9 hilabeteko epea izango dute proiektua garatzeko. Joan den urtekoan bezala, proiektu hauen emaitza irailean Santiagoko mugaren inguruetan ospatuko den arte garaikidearen Ribera topaketan aurkeztu ahal izango dute.

Iraitz Agirrek eta Iban Gartziak 1659.urteko Faisai Uharteko Bake Itunaren gertaera historikoa aitzakia hartuta, antzezlan herrikoi baten sorkuntza proposatu dute. Genero ikuspegia eta Ipar Euskal Herriko maskarada, tobera eta pastoralak aintzat hartuta.

Bestetik, Mikel Uharte eta Heidi Otaduyk, 1993. urtean Europako herrialdeen arteko muga administratiboak kentzearekin batera, Irunek Hendaia eta Pausurekin zituen aduanak desagertu zirenetik gaur egun arte emandako mugaren kontzeptuaren aldaketaz jardungo da, dokumental baten bidez. Horretarako, muga ezagutu ez zuten 25 urteko gazteei hitza emanez.