bidasoamedia bidasoamedia

Mugikortasun jasangarria hizpide, Mobility Go feria antolatu dute Ficoban

Atzodanik Ficoban ospatzen ari den Go Mobility azokaren lehen edizioak egundoko oihartzuna izan du nazioarte mailan. Mugikortasun jasangarriaren alorrean, etorkizuna hemen dugula erakusten duen azoka da. Izan ere, 70 erakusketarik Ficobako espazio osoa okupatzen dute, eta 1.500 profesional pasako dira bi egunotan, euren produktuen ezagutzera ematera.

Irunen, heldu den otsailan martxan jarriko duten aurreneko autobus linea elektrikoan ibiliko diren autobusak bertan ikus daitezkeen bitartean, etorkizuneko elektromugikortasunaren sektorearen adierazle da erakunde publikoek sustatutako Go Mobility azoka.

Zentzu honetan, administrazioen horren aldeko apustua ez ezik, enpresa pribatuak ere ondo kokatuak daudela nabarmendu du Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusiak gure mikrofonoetan.

Erakunde publikoen presentzia erabatekoa da Go Mobility azokan. Baina esan bezala, nazioarte mailako 70 erakusketarien artean, euskal enpresak ere badira. Aitor Aruzaga, auto elektrikoen birkargatzeko zerbitzuen IBIL enpresako zuzendari orokorra da. Eta auto-elektrikoen sektorea uste baino azkarrago hedatuko dela iragartzen digu.

Oroitarazi beharra dago, zentzu honetan, Europatik markatutako mugikortasun politiketatik eratorria, Eusko Jaurlaritzak kasik 500 milioi euroko inbertsioa egingo duela datozen hiru urteetan, elektro-mugikortasuna ahal bezainbat sustatzeko. Haien helburua da, garraio publikoan ez ezik, auto partikularren sektorean ere jausi erraldoia ematea 2030 urterako. Une hontan 1.100 auto elektriko daude Euskal Autonomi Erkidegoko kaleetan, eta 4.800era heldu nahi dute 2020rako, 2030ean hedapena orokortua izateko xedez.