bidasoamedia bidasoamedia

Musika Eskola ixteko arriskua salatu du Hondarribiko EH Bilduk

Lan mundua

Hondarribiko Musika Eskolako irakasleek azken bi hilabeteetan ez dute lansaririk jaso, eta aurrera begira ere ez dago finantza baliabiderik. Zuzendaritzaren kudeaketan "gauza ilunak" ikusirik, irakasleek esku-hartu eta zuzendaritza berria osatu dute, lehengoak kalera botaz. Baina zuzendaritza berriak udalera jo duelarik, honek auditoria bat agindu du, eta dokumentazioa falta dela eta, ez omen da auditoria hori egiterik ere izan momentuz.

EH Bilduko Karlos Gebarak adierazi du berandu baino lehen aterabide bat bilatu beharko zaiola, baina gauzak horrela daudenez, Udalak ezin diola adostutako dirulaguntza eman Musika Eskolari. Irakasleek haien soldata jasotzen ez baldin badute, garbi dago ez dutela jarraituko datorren kurtsoan.

Hondarribia musika eskolarik gabe geldituko bada, 500 ikasle zerbitzurik gabe geratuko lirateke. Udala, bitartean, auditoriaren emaitzaren zain dago, eta gaia diskrezioz eraman nahi duela jakitera eman dio Antxeta Irratiari. EH Bilduk galdegin du, dena argitu artean, udalak banketxeekin kreditu puente bat negoziatzen lagundu beharko liokeela zuzendaritza berriari, proiektu ekonomiko zein pedagogiko berri bat martxan jarri ahal izateko.