bidasoamedia bidasoamedia

Mutilazio genitalari buruzko eztabaida antolatu du Gaurko Andreak-ek

giza eskubideak

Mutilazio genitalaren gaiari buruzko hitzordua prestatu du Gaurko Andreak Berdintasunaren Aldeko Elkarteak. Emakumearen Aniztasuna jardueren egitarauaren baitako hitzordua izango da. Afrikan emakumeek eta neskatoek pairatzen duten mutilazio genitalaren inguruan hausnartzera bultzatu nahi dute.

Abenduaren 17an izango da, ostegunarekin, 19:00etan Irungo Oiasso Erromatar Museoan. Moriarti produktorak egindako FGM emakumeen mutilazio genitala dokumental laburra pasako dute, hasteko. Film labur horrek hainbat sari eskuratu ditu zenbait jaialditan. Gero, hitzaldi-eztabaida egingo dute.

Luxuzko gonbidatuak

Eztabaidarako, gaiari buruzko adituak gonbidatu dituzte: Fatou Secka, Patricia Viviana Ponce eta Xabier Peña Koka. Fatou Secka emakumeen eskubide sexual eta ugalkorren defendatzailea da. Afrika saria jaso du emakumeen eskubide sexualen alde egindako lanagatik. Profesionalei formazioa ematen aritzen da, mutilazio genitalen prebentzioan eta sentsibilizazioan. Gainera, liburu bat ere argitaratu du gaiari buruz: La nena tozuda.

Patricia Vivana Ponce Haurralde fundazioko presidentea da, eta Xabier Peña Koka Ertzaintzako komisariordea, soziologo klinikoa, eta familia arteko indarkeria auzietan aditua.