bidasoamedia bidasoamedia

Merkataritzan edo sare sozialetan espezializatzeko aukera eskainiko du Gaztebilanek

Formaziorik gabeko gazte langabeei zuzenduta egoten dira, sarritan, administrazio publikoek enpleguaren arloan luzatzen dituzten diru-laguntzak. Oraingoan, DBHtik gorako formazioa duten gazteei zuzendu zaizkie Irungo Udala. “Formazioa jasota ere, lan munduan sartzeko zailtasunak edukitzen dituzte”, gogorarazi du Miguel Ángel Páez Hiri Sustapena arloko ordezkariak. Espainiako Gobernuko Enplegu Ministerioak Europako Gizarte Funtsaren babesa jaso du proiektuak, eta aurrekontuaren %91 hartuko du bere gain. “Albiste ona izan da guretzat, ezustekoa ere bai, EAEn hiri bakarra izan baikara aurten, laguntza hori jasotzen”, zehaztu du Páezek. 85.775 euroko aurrekontua edukiko du Gaztebilan programak.

Irungo La Sallek eta Garraio eta Komertzio Institutuak parte hartuko dute, gazteei formazio espezifikoa eskaintzeko, nazioarteko merkataritzan eta sare sozialetan. Miguel Ángel Páezek argudiatu du sektoreen aukeraketa: “Ondo aurre egin diote krisiari, eta kontratazioak egiteko beharra dute, datozen urteetan jarduera esparrua zabaltzeko asmoa dutelako”. Parte hartzen duten gazteek hamabost laguneko bi lan talde egonkor osatuko dituzte. Elkarlanean ariko dira, modu kolaboratiboan, eta besteak beste, hizkuntzak eta Informazio eta Komunikazio Teknologiak landuko dituzte. “Trebetasun berriak eskuratuko dituzte, konfiantza eta segurtasun giro batean, aurkezten zaizkien erronkei aurre egiteko, aurrerago, lan munduan egin beharko duten bezala”, adierazi du Mar Romo Irungo La Salleko Enplegu Formazioko arduradunak.

Hilabete eta erdiz, enpresa ezberdinetan praktikak egiteko aukera ere izango dute. “Formazioan landutako guztia praktikan jartzeko abagunea edukiko dute”, adierazi du Mar Romok. Praktiken eperako, joan-etorrietarako bekak jasoko dituzte parte hartzaileek. Askotan, hezkuntza eta lan mundua errealitate ezberdinak izaten dira, eta formatutako gazteak ez dira enpresetara egokitzen. Mar Romok azaldu du: “Behar duguna da ikasleak modu proaktibo batean iris daitezela enpresara. Berritzeko eta ikasteko gaitasuna, ikasi nahi izateko jarrera eduki dezatela.

Izena emateko baldintzak eta moduak

Abenduaren 11ra arte aurkez ditzakete Gaztebilan programarako hautagaitzak, DBHtik gorako formazioa duten 30 urtetik beherako gazteek. Horretarako, Gazte Bermerako Sisteman izena eman behar dute lehenago, CBA Kultur Gunean dagoen Igazte Gazte Informazio Bulegoan, edo Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulegoetan. “Burutu beharreko tramitea besterik ez da, aipatutako baldintzak betetzen dituen edozein gazteek egin dezakeena”, zehaztu du Miguel Ángel Páezek.

Ondoren, www.elespazio.com web gunean, edo 943 633 169 telefono zenbakira deituta izena eman daiteke Gaztebilan proiektuan. 30 hautagaiak aukeratuko dituzte abenduaren 11tik aurrera, eta hilaren 14an, aurreikuspenen arabera, klaseak hasiko dituzte. Apirilera arte iraungo dute klaseek, eta ondoren, parte hartzaileek praktikak egin ahal izango dituzte.