bidasoamedia bidasoamedia

Nerabeen eta familien babesa

Laguntza psikologikoa, soziala, eta hezkuntza arlokoa eskaintzen ditu Gaztedi elkarteak, zailtasunak dituzten gazteentzat eta haien senideentzat

Lan diskretua burutzen du Gaztedi elkarteak Irunen. Nerabeei eta euren familiei zuzendutako laguntza zerbitzua eskaintzen du, arlo psikologikoan, sozialean eta hezkuntza arloan. Olaberria auzoan dute egoitza, Perujaran kalean. Hiriaren erditik aparte samar. Hala ere, kokapen horrek abantailak dituela azpimarratu du Iker Arizala psikologoak: “Egun euritsuetan edo hotzetan hona hurbiltzen denak, konpromisoa erakusten du”. Alde guztien ahalegina beharrezkoa baita, nerabezaroarekin lotutako zailtasun handienei aurre egiteko.

Antzeko bi gela daude Gaztediren egoitzan. Idazmahaia eta ordenagailua dituzte albo batean, eta liburuak eta filmak apaletan. Terapiarako txokoan, besaulki erosoak daude, mahai baten inguruan, forma biribilean kokatuta. Mahaiaren gainean, musuzapi kaxatxo bat. “Ezinbestekoak dira, horrelako leku guztietan”, zehaztu du Iker Arizalak. Arbela ere badago, eta oso erabilgarria izaten da, kasu bakoitzeko lehenengo saioetan, adibidez. “Genogramaren teknika erabiltzen dugu. Marraztuz, zuhaitz genealogiko moduko bat egitea eskatzen diegu”, azaldu du Arizalak: “Informazio pila bat ematen du teknikak, nerabearen familiari eta testuinguruari buruz. Uste baitugu familiako kideen arteko harremanek eragin handia dutela nerabearen egoeran”.

2012an iritsi zen Gaztedi Irunera. Lehenago, bertako nerabeek Donostiara edo Errenteriara joan behar izaten zuten, Gaztediren beste egoitzetara. “Irungo kasu asko genituen, gero eta gehiago”, argudiatu du Raul Giralde Irungo egoitzako zuzendariak. Gaztedi elkartea, 1994 urtean sortu zen, batez ere, gazte atzerritarren integrazio proiektuei zuzenduta. Gaur egun, zailtasunak dituzten gazteekin lan egiten dute, orokorrean, kasuistika zabal bati erantzunez: limiteen falta, bullying-a, autoestimu falta, doluak, harremanak, indarkeria, drogen kontsumoa, teknologiari adikzioak eta abar luze bat. “Horietako asko, konektatuta egoten dira”, adierazi du Iker Arizalak.

12 eta 18 urte arteko gazteekin eta haien familiekin egiten dute lan. Formazio ezberdina duten profesionalen lan bateratuari esker, zerbitzu integrala eskaintzen dute. Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Kutxabank Fundazioaren diru-laguntzek, eta familien ekarpenek mantentzen dute Gaztedi.

Hiru fase dituzte tratamenduek

Ikastetxeekin harreman zuzena dute Gaztedin, eta bide horretatik iristen dira kasuetako asko. Dena den, ahoz-ahokoak ere ondo funtzionatzen duela nabarmendu dute. Nerabeen beraien artean, edo gurasoen artean. Zerbitzuaren erabiltzaileei iaz egindako inkesten arabera, haien %30ek izan du Gaztediren berri ezagunen bidez. Ikastetxeek bideratuta, kasuen %34 iritsi da Gaztedira. Lehen bilera baten ondoren, terapeuta bat esleitzen diote kasu bakoitzari. Zortzi psikologo ari dira gaur egun Irungo Gaztedin. Giraldek aitortu du, askotan gurasoek jarrera baikorragoa edukitzen dutela gazteek baino: “Denborarekin, ordea, neska-mutilen konfiantza eskuratzen dugu”.

Hiru fase edukitzen ditu tratamendu bakoitzak. Diagnostikoak 40 eguneko iraupena du. Raul Giraldek azaldu du: “Familiarekin eta gaztearekin hitz egiten dugu. Elkarrizketa horietan ondorioztatzen dugunaz gainera, guk beste helburu batzuk zehazten ditugu. Guztiekin, plana prestatzen dugu. Kasu batzuetan, familiari erakusten diogu, eta sinatu egiten dugu”. Bigarren fasea interbentzioa da, bere horretan. Lau hilabeteko iraupena izaten du, eta epe hori bukatzerakoan ez baldin badira helburuak bete, atzera bueltatzen dira berriro. Hirugarren fasea itxiera da, eta hilabete bateko iraupena izaten du. Beraz, tratamenduen iraupena sei hilabetekoa da, batez beste.

Terapeuta batek edukitzen du kasu bakoitzaren gaineko ardura. Hala ere, lankideen iritziak eta aholkuak jasotzen dituzte beti. “Lan talde anitza da, jendearen adinari eta formazioari dagokionez. Horri esker, ekarpen handiak egiten dizkiogu elkarri. Oso aberasgarria da esperientzia”, adierazi du Carla Fernandezek. Teknika ezberdinen erabileraren eta arrakastaren berri ematen diote elkarri, adibidez. Iker Arizalak deskribatu ditu batzuk: “Dolu prozesuetan, adibidez, aulki hutsaren teknika, non falta den pertsonari hitz egiten jartzen ditugun. Eskulturen teknika ere adibide ona da: familiako kideak kokatzea eskatzen digu gazteei, haien arteko harremanak eta jarrerak aztertzeko”.

Drogen kontsumo handia antzeman dute

Irunen, Gaztediren beste egoitzekiko alde handiena, drogen kontsumoan nabaritu dute. “Mendekotasun kasu asko iristen zaizkigu. Gainera, beste arazoekin etortzen direnean ere, sarritan, toxikoen kontsumoa erantsi behar izaten zaie”, baieztatu du Raul Giraldek. Adibide gisa, drogen kontsumoarekin lotutako hamabi kasu daramatzate aurten. Bullyingarekin, aldiz, hiru besterik ez. Irungo kopuru handiagoen inguruan galdetuta, bertsio ofizialera jo du, lehenengo, Giraldek: “Mugan dago Irun, eta merkantzien pasabidea izan da betidanik”. Aurrerago, ordea, beste pista bat eman du, bestelako erantzukizunak eransten dituena: “Donostian, adibidez, gazteek ezkutuan kontsumitzen dute, edo gehiago zaintzen dute hori, bederen. Irunen, ikastetxeetako atean egon daitezke, eta kasu batzuetan, patioetan ere bai”. Kalamua da nerabeek kontsumitzen dituzten drogen ehuneko handiena. “Alkoholismo kasu bat ere eduki dut, hamasei urterekin”, erantzi su Raul Giraldek.

Kasu batzuk kudeatzea gogorra izaten dela onartu du Iker Arizalak: “Egia da denborarekin pixka bat immunizatu egiten zarela. Baina hala ere, pertsona zara, emozioekin lan egiten duzu, eta batzuetan, familien errealitateek inpaktu handia eragiten dute”. Halako arazo larriak gaindituta, momentu atseginenak tratamenduen itxieretan izaten dituela aipatu du: “Familiek esaten dizutenean jada ez dutela etortzeko beharrik”. Carla Fernandez lankidea ere ados dago, eta gaineratu du, familiekin konektatzeak, haien konfiantza lortzeak, asebete egiten duela. 36 familiaren kasuak landu zituen Irungo Gaztedik 2012an, Irungoez gainera, Hondarribikoak, Hendaiakoak eta Berakoak erantsita, besteak beste. Iaz, 77 izan ziren, eta aurten 51 daramatza jada. Kopuru handia, kontuan hartuta kasu gehienak, azaroa-abendua epean sartzen direla. 2013az geroztik, lan gehien duena da Irungoa, Gaztediren bost egoitzen artean.