bidasoamedia bidasoamedia

Oihana Etxebarrieta: “Denok daukagu zer egina eta zer emana arazo honetan”

berdintasuna

Oihana Etxebarrieta Irun eta Euskal Herri mailako bilgune feministako kidea da eta azken hauteskundeetatik EH Bilduko Legebiltzarkidea. Herri mugimendutik dator Etxebarrieta eta parlamentu barrura salto egiteak, fase berri baten urrastzat hartu du. Lege biltzarrean sartu arren, hanka bat barruan mantentzea eta bestea kanpoan, militantzian, mantentzeko helburua dauka, herri mugimenduetan landurikoa parlamentura pasatzeko.

Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko egunaren baitan, politikarien aldetik, egun zehatza begiratzea eta urtean zehar “ahaztea” joera nagusia dela adierazi du Oihana Etxebarrietak. Horrexegatik, Legebiltzarretik politika zehatzak beharrezkotzat jo ditu: “Erabaki batzuk hartu behar ditugu norabide honetan urratsak hartan jarraitzeko. Ez dugu esango egoera eroso edo egoki batean gaudenik, emakumeak erasotzen eta erailtzen jarraitzen duten bitartean.”

Udan gertaturiko eraso sexistetaz, hedabideek hainbatetan morbo eta sentsazionalismoa baliatu dutela salatu du Oihana Etxebarrietak. Hala ere, mugimendu feministak eta hainbat kazetarik egindako lanari esker udako erasoen ikusgarritasunaren normalizazio bat eman dela adierazi du. Hedabideak berdintasuna lortzeko baliagarriak direla, adierazi du Etxebarrietak: “oso garrantzitsuak dira medioak,  informazio hori emateaz gain egoera hori aldatu daitekeen, egoera horren aurrean zer egin daitekeen eta kontzientziazioan”. Hezkuntzak parekidetasunean urratsak emateko hezkidetza eta hezkuntza metodologiak “ezinbestekotzat” jo ditu Legebiltzarkideak.

Irun genero aldetik

Betaurreko moreak jarriaz Irun hirien mailako konplexutasunak dituela ikusten du Oihana Etxebarrietak. Aldatzeko hainbat puntu daudela azaldu du Etxebarrietak, baina azken urteetan mugimendu feminista pixkat apaldu den sentsazioa dauka: “sentsazioa daukat baduela urte batzuk eta guk geuk, Irungo bilgunetik ere dinamika askoz emankorragoak geneuzkala eta apaltze momentu bat bizitzen ari garela orain”.

Hala ere, Irun eta Hondarribiko batura eta aliantzak sustatzen ari direla nabari du Oihanak. Batura hauek esparru ezberdinetarako onuragarriak izango direlakoan dago: “elkarrekin egiteko asko daukagu jendarte osoan ematen diren egiturazko arazoak, hiri espazioa, parte-hartzea, eraso sexistak, hezkuntzaren egoeran, komunikabideak… gauza asko ditugu aldatzeko, jaiak ere, badago zer landu”.

Asun Casasola ipuin lehiaketa

Txingudi Anti Sexista plataformak antolaturiko ipuin motz lehiaketak bi urte bete ditu eta ipuin guztiak batzen dituen liburuaren plazaratzea berezitzat jo du Oihana Etxebarrietak: “Irundar askoren kontzientzietan eta bizipenetan dago Nagore Laffageren erailketa, baina are gehiago esango nuke maila positiboan esan badaiteke, halako egoera latz baten aurrean dagoela Asunek berak egunerokotasunean eraman duen lan hori”.

Legebiltzarra

Legebiltzarkide gisa Oihana Etxebarrietak gauza politak egiteko esperantzatsu dago: “sentsazioa daukat badauzkagula elkarlanerako puntu ezberdinak, indarkeria matxista izan daiteke bat, horretarako badaukagu lanketarako aukera”.