bidasoamedia bidasoamedia

Onartu dituzte Irungo aurrekontuak

politika

2016ko Irungo Udal Aurrekontuak onartu dituzte urtarrilaren 27an, abendurako aurreikusita zegoen plenoa bertan behera gelditu ondoren. PSE, EAJ-PNV eta PP alderdietako kideek aurrekontuen aldeko 17 bozka eman dituzte. 8 izan dira kontrakoak, Si Se Puede Irun Ahal Dugu eta EH Bildurenak, hain zuzen ere. 69,7 milioi euroko aurrekontuak proposatu ditu udal gobernu taldeak, 75,4 milioi euro udalak kudeatzen dituen erakundeak kontuan hartuta. Onartutako emendakinekin beste 600.000 euro gaineratu behar zaizkio kopuruari.

Oposizioko ezkerreko bi taldeek osoko zuzenketa aurkeztu eta aurrekontu berriak egiteko eskaera egin dute. Baina udal gobernuaren eta PPren ezezko bozkak jaso dituzte. PPk aurrekontuen aldeko bozka eman du, udal gobernuak popularrek aurkeztutako zuzenketa gehienak onartu dituelako. “Kontent gaude”, onartu du Juana de Bengoechea Irungo PPko bozeramaileak.

Irun Ahal Duguren eta EH Bilduren kritikak

Si Se Puede Irun Ahal Dugu, Podemosen ildoko udal taldeak gogor salatu du PP alderdiak hartutako jarrera kontinuista,udal gobernuarekin bat egin duelako. “SPIk aurkeztutako zuzenketak atzera botako zituztela espero genuen, PPk hausnartu beharko du zer egin duen”, adierazi du David Soto Si Se Puede Irun Ahal Duguko bozeramaileak. Bestalde, EAJ-PNVko zinegotziek pleno osoan hitz egin ez izana kritikatu du Sotok: “Gobernukide izateak ez du esan nahi, irizpide propiorik ez eukitzea, eta sozialistena berea egitea”.

EH Bilduk eredu aldaketa baten alde egin zuen, eduki sozial handiagoa duten Udal Aurrekontuen beharra aldarrikatuz. Langabezia tasa handia, etxebizitza duina edukitzeko eskubidea, edo gazteek bizitza proiektua egiteko duten gaitasun eza aipatu dituzte abertzaleek argudio gisa. “Aurrekontuek eduki sozial gehiago eduki behar dute eta ongizate gizartea bermatu, eta ez pixkanaka pobrezia ezarri etxeetan”, esan du Izaskun Sorondo EH Bilduko kideak.