bidasoamedia bidasoamedia

Plaiaundiko fumigazioak salatu ditu Bidasoako Lagunak elkarteak

Ingurumena

Kezka agertu du Bidasoako Lagunak elkarteak, Plaiaundiko lur eremuan fumigazio lanak egin dituztelako. Elkarteak gogorarazi du Natura 2000 Sarean kokatuta dagoela parke naturala, eta bertan legediak ez duela fumigazioa baimentzen, hegaztientzako eremu berezia delako.

Apirilaren 20an, goizeko 11:00ak eta 12:00ak artean, bi langile ikusi dituzte errugbi zelaia fumigatzen. Arropa bereziak zeramatzaten, eta elkarteak ondorioztatu du botatako produktuek ezer onik ez zutela. Elkarteak azpimarratu du udaberria hegaztien migrazio unea dela, baita ugalketaren epea ere.

Bidasoako Lagunak elkarteak udalari eskatu dio Plaiaundin dauden hegaztien babeserako ardurak betetzeko. Azalpenak ere eskatu dizkio, fumigazio horien zergatia azaldu dezan. Elkarteak jakin nahiko luke, Gipuzkoa mailako Natura 2000 sarearen arduradun instituzionala Gipuzkoako Foru Aldundia denez, fumigazioaren berri ba ote zuen azken honek.